‘Perfect Days’
Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Magia eta zinemaren erronka beti izan da sinesgarria den agertoki bat aurkeztea, ikuslearen begia eta burua esku-eragiketik urrun mantendu eta erakargarri egitea. Zentzu horretan, kartekin egindako trukoak magiarentzat direna, zinemarentzat Perfect Days da: sotila bezain efikaza, erraza bezain landua.
Hirayama (70 urte) kaleko erratz soinu batekin esnatzen da egunero ordu berean. Laneko buzoa jantzi, kafe lata bat erosi eta komun publikoak garbitzen pasatzen du goiza. Etxera itzuli, irakurri eta lotara sartzen da. Errutina horri musikak laguntzen dio, baita argazkiak ateratzeko afizioak ere. Baina bizitza neurtu hori inguruko pertsonek eteten dute, Hirayamaren isiltasuna betez. Hitzik gabe bizi da, oraina helburu izanik, baina lankide eta kaleko pertsonekin ez bezala, egun batean iraganeko zauri bat zabalduko da berriro, bere iloba gaztearen bisitarekin.
Irudi zoragarri batek estaltzen du filma, egunak ematen dituen xehetasun guztiak erakutsiz, eta eguzkia etengabean irteten den bezala, filmaren protagonista egunero esnatzen da, heriotzaren gaiari lekua kenduz.
Betidanik pentsatu izan da irudi harrigarriak, abenturazko istorioak eta eztanda handiak dituzten pelikulek egiten dutela film bat erakargarri, baina askotan gauza gutxiago erakusteak indar handiagoz astintzen du ikuslea. Gaur egun zaila dirudien arren, beharrezkoa da galderak gordetzen ikastea, baita galdera horiek norberak erantzutea ere.
Perfect Days filmak hutsuneak erakusten ditu, osotasun bat erakutsi beharrean. Ezer azaldu gabe, gauza asko kontatzen ditu isiltasun eta begiradetan; kartak buruz behera mugitzean bezala, ikusteko gai ez zaren arren, barruan baitago hautatu duzun zenbakia. ■
