«Etxekoekin egindako plan eta bidaia asko ditut memorian ondo gordeta»

Irakaslea da Aizpea Garmendia Iartza (Lazkao, 1998). Ingeniaritza ikasi zuen, eta aurten Gasteizko Mendebaldea ikastetxean ari da lanean. Lazkaotik joan-etorrian ibiltzen da. «Pisutsua egiten da. Baina, hasieran errazagoa da Arabako plazak tokatzea. Iaz ere bertan aritu nintzen eta ez da leku txarra». Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hasi berria den honetan lanpetuta dabil Garmendia. «Gai jartzaileen lehenengo bilera maiatzean egin genuen eta harrezkero ari gara lanean». Gai bat plazara atera aurretik «buelta asko ematen diogu, txapelketan bereziki. Ideiak edonondik etor daitezke, eta gero askotan probatu ahala ikusten dugu zerk funtzionatzen duen edo zerk ez». Plazako saioetan, berriz, «plazaren ezaugarriei, saioko bertsolariei edo aktualitateari begiratzen saiatzen gara, besteak beste».
Gaia berez da ona, ala bertsolariak egiten du ona?
Bien arteko orekak borobildu dezake bertsoaldi bat. Baina, ustez kaxkarragoak diren gaiekin bertsoaldi bikainak ere ateratzen dira. Guk gai oso ona dela uste eta bertsoaldia espero bezain ona ez izatea ere gerta daiteke.
Ze zaletasun dituzu?
Musika. Eta bertsolaritza, noski!
Pelikula edo telesail bat.
Bere garaian La casa de papel asko gustatu zitzaidan.
Liburu bat.
Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez).
Musika talde edo abeslari bat.
Ibil Bedi.
Abesti bat.
Elektrizitatea (Zea Mays).
Oporretarako leku bat.
Aurrez egon gabekoren bat.
Zer gosaltzen duzu?
Kafea eta ogi txigortua.
Kolore bat.
Beltza.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Etxekoekin egindako plan eta bidaietako momentu asko ditut memorian ondo gordeta, ez ditut erraz ahaztuko.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ken Zazpiren kontzertura joateko plana, Bilboko Kafe Antzokian.
Amets bat.
Gertukoekin bidea egiten jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Autoan bakarrik noala musika jarri eta gainetik kantatzea.
Goierriko txoko bat.
Lazkaomendi.
Lazkaon biziko ez bazina…
Tamainan eta giroan antzekoa den beste herri batean. ■
