Lekuak
Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Xabin Fernandezen aurreko asteko zutabeari segida eman niezaiokeen, prokrastinazio-sindromea dudalako zutabea idaztean. Txoko hau izateak pribilegio batzuk dakartza, baina beldur, arrisku edo duda batzuk ere eragiten ditu.
Sukalde-egongelako mahaian irudika nazakezue, ordenagailuaren aurrean, aulkian eseri, leihoak parez pare zabaldu eta goizeko lehen eguzki izpiak lapurtu nahian. Azken egunotan hartutako oharrak eta buruan iltzatutako une, irudi eta gogoetak errepasatzen. Nigan oihartzuna dutenek zer eragiten ote dute irakurleongan? Espia izatetik urruti nago. Zelatan aritzen naiz, ordea. Behatzea ariketa interesgarria iruditzen zait; gure joera, ezaugarri eta mugimenduen inguruan informazio asko lor daiteke.
Kirol mundutik hasiko naiz. Txirrindularitzan, nor joaten den tropeletik tiraka, non doa liderra edota nork garraiatzen ditu taldekideentzako ur-potoak? Arraunean, zenbateko boterea du patroiak, nor da hankeko, nortzuk doaz ababorrean eta nortzuk istriborrean? Berdina al da euskal pilotan aurrelari ala atzelari jokatzea? Futbolean, atezain ala golegile izan nahiko zenukete?
Garraio publikoan, autobusera igotzean, zein dira lehenengo betetzen diren aulkiak, pasillo aldekoak ala leiho ondokoak, hutsik daudenak ala jadanik norbait eserita dagoen ilarak? Trenean, zein doa zutik eta zein eserita, zein geltoki dira jendetsuenak eta zeinetan ez dira geratzen tren erdiak? Autoan, nor doa gidari, nor kopilotu eta nor atzeko eserlekuetan?
Ikasgelan, non esertzen dira ikasleak, nor dago lehen ilaran, nor azkenekoan? Non eseri da gutako bakoitza etapa ezberdinetan? Toki bera al zen lehen hezkuntzakoa, institutukoa, unibertsitatekoa, lanbide heziketakoa…?
Lan munduan, nor dago erabaki guneetan, nor piezak diseinatzen, nor harreran, nor ukuiluan? Nork garraiatzen ditu paketeak, nor da eroslea, nork garbitzen ditu komunak eta nork zaindu pertsonak?
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, nor eseriko da kirol zelaian atondutako eremuan, nor harmailetan, nor erdian, nor ertzetan? Nor helduko da ateak zabaldu aurretik, nork gordeko dizkie lagunei aulkiak eta nor iritsiko da sintoniarekin batera? Oholtza partekatzen duten denek al dute kokapen bera?
Aulki bat betetzetik haragoko ekintza da lekua izatea. Gure inguruko informazio eta datuak ematen ditugu etengabe lekua hartzen dugunean, eta are, hartzen ez dugunean edo nahi dugun lekuan ez gaudenean. GPSak baino kokapen datu gehiago gorpuzten ditugu. Ea non egiten dugun topo hurrengo. ■
