2025 urteko birpasa
Imanol Mercero Etxeberria • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Iraila aurrera doa eta udazkena aurki dugu ate joka. Ezin urtea bukatzen utzi, bada, zorrak garbitu gabe eta, honatx, 2025 urteko Haur eta Gazte literaturako uzta birpasatuko dugu, oso gomendagarriak direla iruditu zaigun hainbat titulurekin, euskal idazleenak guztiak. Txikienentzat dira Lotto (Haria) seaska kanta albuma, Eraman nazazu zurekin (1545 arg.) bromazalea eta Kapa-Ipi-Xopo, igeltxo (Txalaparta) beldurrezkoa eta, azkenik, ezinbesteko erosketa den Tapakia (Elkar), bitxikeria hutsa, altxorra.
Lehen Hezkuntzako haurrei eskaintza zabala egin zitzaien iaz. Urteroko datuek baieztatzen dute liburu gehienak adin tarte honi begira argitaratzen direla (Konturatu zaitez, lagun, adin honetan bakarrik daukagula euskaldun irakurleok aukera ‘kapritxoso’ jartzeko liburu bat aukeratzean). Guzien artean bikainak iruditu zaizkit narrazio liburuetan Urtebetetze zalapartatsua (Ibaizabal), Alepoko zazpi pediatrak (Elkar), Benetako zirkua (Elkar) eta Niko eta amona intergalaktikoa (Erein); album ilustratuetan Mendia eta ni (Ikas), Tartaro (Ikas); eta komiki zein jakintza liburuetan: Medium (Elkar), Gazte naturalisten koadernoa: Natura gure etxe ondoan (Sua).
Gazteen literaturaz bi hitz esanda amaituko dugu. Liburu eskaintza txikiena jaso arren, nerabeena izan da panorama eklektikoena. Nabarmendu zaizkit edertasun eta hauskortasun artean Luma kantaria (1545 arg.) ipuina; album ilustratuen artean Hamar marra (Txalaparta) antimilitarista; komikian Maurizia, biziminaren hotsa (Xabiroi); narrazioan Aurpegiak (Alberdania) eta Euri eta ateri (Elkar) nobelatxo terapeutikoa; eta, azken aipamen gisa Autismoa eta biok (Txalaparta) aitorpen ariketa estimagarria aukeratu dut, indar bereziko irudien bidez liburu honek eskaintzen duelako informazioa, emozioa eta gizatasuna. ■
