Garai berezia
German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta kirol psikologoa
Jaio, 1995ean jaio nintzen, eta urte horren inguruan jaioek bi munduak ezagutu ditugu: garai analogikoa eta garai digitala. Gure haurtzaroa garai analogikoak blaitu zuen, nola ahaztu VHSak, kaseteak, bankuko kartila, game boy color eta advance-a, kaleko telefono kabinak, kotxeko paperezko mapak, kabledun etxeko telefonoa, orrialde horiak edo “páginas blancas”, walkmana eta aurrerago diskamana, baloirik ez parkean eta lata bati ostikoka eginiko futbol partidak, lagunekin geratzeko etxeko telefonotik etxeko telefonora eginiko deiak…
Haurtzaroaren ostean nerabezaroa heldu zen eta honekin batera baita aro digitalaren hasiera ere. Messenger eta Tuenti agertu ziren, horietara sartzeko ordenagailua behar zen, mugikorrean ez baitzegoen internetik. Lehen mugikorrak ere orduantxe iritsi ziren gure eskuetara, eta SMSak bidaltzeko garaian hizkiak jaten ikasi genuen, sare sozialen eztanda izugarria izan zen orduan. GPS gailuak ere iritsi ziren, TomTom famatuak (tontotik tomtometik baino gehiago zutela iruditu izan zait beti). Urteak aurrera egin eta Whatsapp, Telegram, Slack, Spotify, Netflix, ChatGPT, Gemini, Instagram, TikTok, Google maps, Bizum, QR… agertu dira.
Hau irakurtzen ari zareten zenbaiti VHS edo kaleko telefono kabina batetik deitzea paleolitikoko zerbait dela irudituko zaizue. Beste batzuei QR edo Slack irakurri eta: «hau zer demontre esaten ari da?» pentsatuko duzue.
1990eko hamarkadaren erdialdean jaiotakook belaunaldi berezia garela esan ohi da, askok «belaunaldi zubi» moduan identifikatzen gaituzte. Mundu analogiko baten amaiera gogoratzen duen eta mundu digitalaren eztanda nerabezaroan bizi izan duen azken belaunaldia baikara, eta horrek berezi egiten gaitu.
Itxaroten ikasi dugu, badakigu zer den astebete itxaron beharra gure telesail gustukoena ikusteko, edo kasetean gure abesti maitea entzuteko. Haurtzaroan pantailarik gabe bizi izanak mundu errealaren eta birtualaren arteko muga hobeto bereizten ere lagun diezaguke. Bestalde, gure ondorengoak ez bezala, gu ez gara natibo digitalak (teknologiarekin jaio direnak), ez eta etorkin digitalak ere (helduaroan teknologia ikasi dutenak), gu teknologiarekin batera hazi gara.
Belaunaldi berezia gara, egoera ezberdinetara egokitzen jakin dugunak. Belaunaldi zubia deitzen badigute agian zubi bat baino gehiago eraiki ditugulako izango da. Segi dezagun horretan eta aupa gu! ■
