Urbil eta urrun
Asier iriondo • Hizkuntza aholkularia
Kixkik, Mixkik eta Kaxkamelonek ere eman ziote
n kanta bat erlijio kristauari. Paradisuko atean deitzen zen. Han ari omen zen Adan berak izendatutako animaliei izena gogorarazten, eta iritsi zen astoarengana eta hau izenaz gogoratzen ez, izena astu astoari, eta horregatik izendatu omen zuen ‘astua’.
Izendapenarena lan pisua da, bat delako zein izen jarri, eta bestea nola. Hatxeak eragindako gerra zibilean, esaterako, izan omen zen Goierriko toki-izenetan ere beharko zukeela bortizki defendatu zuen seminaristarik. Ez dago hori froga dezakeen agiririk; bai, ordea, kondaira, eta horren arabera, honakoak hatxedun izango lirateke gaur egun, apaizgaitegitik irtendako zenbait marxistak azalpenaren tonuan asmatu izan balu: Goiherri, Hurretxu, Harama, Hordizia, Hitsaso, Lehorreta, Hormaiztegi, Holaberria, Haintza, Haginaga, Hegialde, Harriaran, Atahun, Haztiri, Haltzaga, Hurola, Horia, Haizkorri eta Haitxuri. Zerrenda mahai gaineratu zuten, baina kontrakoak ere ez ziren akolito izateko jaio, eta Euskal Herri osorako nahikoa hatxe ez zegoela argudiatuta eten omen zuten eztabaida. Horregatik jarraitzen du, ez letra ez fonema, Goierriko izendegian, mutu eta gor.
Urruni gertatutakoa ere ezaguna da. Euskara batuaren diseinatzaileek Xaho jainko zuberotarrari eman zioten hitzei h-ak banatzeko ardura. Lehena Hasiri eman zion, eta azkena, ustez, Zaharri, baina hatxedun beharko luketen guztiak zerbitzatu zituelakoan, zakuan bat omen zeukan soberan. Txomin Peillenek ohartarazi zion Urbil eta Urrun falta zirela, eta bidali zituen urgazletxoak euren bila, eta azaldu ziren halako batean, baina letra bakarrerako bi buru ziren. Erabakirik errazena hartu zuen Xahok. Gertuen zegoenari eman zion bakar hura, eta, harrezkero, Urrun h-rik gabe bizi da, lasai ederrean. ■
