Arreta
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Eztit inok kasoike ein (eztitt iñok kasoike eiñ, segurarrez). Halaxe zioen aurreko batean gure ikastetxeko zuzendariak, azalpenen bat eman nahirik klasez klase pasa ondoren. Salbuespenak salbuespen, halaxe nabari dugu geuk ere. Eta egoera beretsuan aurkitzen gara irakurmenaren kasuan ere.
Entzun edo irakurritakoaren ulermen kaskarraren arrazoi nagusienetakoa arreta faltarena da. Eta entzun, ikus-entzun, irakurri edo ikus-irakurri dugun hori modu kaskarrean ulertu bada, idatzizko nahiz ahozko adierazpena ere hankamotz. Ikaskuntzaren oinarrizko trebetasunez ari gara.
Halakoak azaldu berri dizkigute hautsak harrotu dituen azken PISA emaitzek. Europa mailan aspalditxotik datorren jaitsiera orokorrak geurean egin du behera bereziki. Entzumeneko nahiz ikusentzumenezko frogarik egin izan balitzaie, antzeko emaitzak izango genituzkeen.
Arreta faltari dagokion egoera honen sortzaile argitzat pantailen gehiegizko erabilera hartu izan da. Berehalakotasunaren kultura zabaltzen ari zaiguna, hain justu entzumen edo irakurketa egokiek behar dutenaren aurkakoa. Pantailenaz gain, emaitzen jaitsiera orokorrean eragin duten arrazoien artean irakurri ditugunak, hezkuntza lege aldaketa jarraiak, irakasleon gehiegizko burokrazia lanak, eskola giro kaskarra, eskakizun mailaren jaitsiera… Eta bakarren batek euskara ere sartu nahi izan du.
Eklektiko samarra naiz honetan ere. Ikasle konpetenteak lortze bide horretan, etxean nahiz ikastetxean, ahaztu samarrik dauzkagu, bizitzan modu egokian funtzionatzeko ezinbestekoak zaizkigun ahalegintzearen kultura, konstantzia, kontzentrazioa, zailtasunei aurre egitea, eskakizun maila, diziplina… bezalako baloreak.
Beti izango da zertan hobetua. Eta horretan aritzea, ahalik eta modurik adostuenean, eragile guztioi dagokigu, administrazioetatik hasita, ikastetxe, irakasle, ikasle, guraso eta gizarte osoari.
Idatzi hau edo digitalean entzundakoa ulergarria egin bazaizu, arreta izan duzun seinale. ■

