Gertu eta urrun
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Batzuentzat gertu eta beste batzuentzat urrun. Herri berezia da niretzat. Lotura izan dut txikitatik. Gaur egun ere begirada xamurrez begiratzen diot, eta begirune handia diot hainbat arrazoirengatik. Azpeitiari ere begirada berarekin begiratzen diot, baina ez da Goierriko herria.
Umetan hasi zen gure arteko harremana. Gure ama bertako lantegi batean lanean aritzen zenez, nolabaiteko lotura izan nuen herriarekin hasieratik. Hogeita hamahiru urte. Erraz esaten da! Ikastolako txangoa ere egin genuen fabrikara, hura barrutik ezagutzeko.
Nerabeak ginenean, kuadrillan bizikletaz joaten ginen udan, bainatzera; eta, bide batez, ikastolara gure gelara DBHko ikasketak egitera etorritakoekin egoteko aprobetxatzen genuen. Irailean ere, eguraldi beroa zegoenean, korrika egitera joaten ginen, nahiz eta bidea horretarako egokiena ez izan. Bidegorria noizko?
Herriak nortasun berezia izan du, eta oraindik ere baduela esango nuke. Bertako herritarren izaera, injustizien aurkako borroka eta aldarrikatzeko grina ez dira sekula galdu belaunaldiz belaunaldi. Antolatzeko eta elkarlanean aritzeko abilezia berezia dute. 1.600 biztanle inguruko herria izateko, indarrez eta energiaz jositakoa da. Esate baterako, pentsa zer-nolako izaera duten, herriko festa nagusiei izena aldatu diete eta.
Festak ere bereziak dira. Giro ezin hobea sortu izan da beti. Egiari zor, azkenaldian ez naiz parrandara joan. Hala ere, seguruenik hori ere ez da gehiegi aldatu. Eszenatokia frontoian. Txosna batzuk elizaren arkupean, eta beste batzuk udaletxearen atzeko aldean. A ze garaiak!
Arduragabekeriak ere eginda gaude. Ordizian, elkartean afaldu ondoren, festara joan ginen. Trago batzuk hartu, hizketaldi bukaezinak izan eta noizbehinka dantza egin ondoren, eguzkia esnatzen ikusi genuen. Bertako norbaitek etxerako bidean kontrola zegoela jakinarazi zigun eta, kontrola saihesteko, Lazkaomenditik barrena joan ginen kotxez. Gosaria goiko tabernan eginda lotarako prestatu ginen.
Zorionez, gauzak pixka bat aldatu dira, eta horrelako egoerak saihesteko, autobus-zerbitzua egon ohi da festetatik etxera itzultzeko. Zaldibian ere egon zen aurreko astean, eta bihar ere egongo dela jakinarazi dute. Dena den, kontuan izan behar da astelehenean, goizeko 8:00etan, ez dela egoerak eta premiak eskatzen duen mailako zerbitzurik izango, eta ikasle bakoitzak ahal duen moduan joan beharko duela ikastetxera. Bata zein bestea premiazko eta ezinbesteko zerbitzuak dira. Hau ere noizko? ■

