Egin kontu
Japoniako Masanobu Fukuoka laborariak nekazaritza naturalari buruzko liburu bat idatzi zuen 1975ean: Iraultza lasto izpi batean. Badirudi hartan oinarritu zirela New Yorken edo Londresen sortu ziren gerrilla berdeak; halako iraultza baketsu bat bultzatu nahian, artikultoreak edo artista-nekazariak seedbombs edo lehergailu berdeak erabiltzen hasi ziren: konposta edo lurra lortzen zuten, eta buztinarekin eta haziekin nahastu, eta osagai horiek ur-globoetan edo oihalezko zakutxoetan sartzen zituzten. Kapsula bizigarri edo bonba berde horiek gero bide bazterretan, zoko-mokoetan edo lugorrietan bota ondoren, loreak eta berdetasuna itzultzen ziren utzikeriak itsusitutako lurretara, lorategiak nabarmentzen hasten ziren patio edo eremu abandonatuetan.
Badira seedbomb liburuak, hala nola Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Benito Lertxundiren ahotsean ere entzun daitekeen istorio hunkigarria. 1913an, Elzeard Bouffier artzainak egunero ehun hazi aukeratu, eta, burdinazko punta zeukan makila baten laguntzaz, ehun zuhaitz landatzen zituen, egunero zientoka arte, haritz edo pago berez abandonatua zegoen eremu lehor-elkorrean, Proventzan. Denboraren poderioz, paisaia grisa atzera berdatu zen eta ura bueltatu zen errekastoetara. Egin kontu: aurrerantzean hiru basozain behar izan zituzten lurralde hura zaintzeko.
Antzeko zerbait kontatzen du Miquel Barcelo artista mallorcarrak De la vida mía liburu autobiografiko ederrean: «Farrutx herrixkan, 1988. urte inguruan, kasik ehun urteko emakume bat atzera-aurrera ibiltzen zen eta, tarteka, eskua sartzen zuen amantaleko poltsikoetako batean. Hezurrak eta haziak eramaten zituen han: mertxikak, abrikotak, limoia edo pinua. Haziak ondo aukeratutako lurretan landatzen zituen. Emakumea adinekoa baitzen, haren eskuetatik zientoka, milaka zuhaitz sortu ziren. Benetako santu bat».
Seedbomb liburu hauek zer pentsa ematen digute: green gerrillak gero eta beharrezkoago ditugu, lur kiskaliak biziberritzeko, lurralde suntsituak berreraikitzeko, gure axolagabekeria konplizea aitzurtzeko eta geure kontzientziaren bazter abandonatuak ongarritzeko, gure bizimoduetan erabaki handiak hartzeko edo keinu txikiak egiteko. Beti da on Eduardo Galeanoren hitzak gogoratzea: «Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten, mundua aldatu dezakete».■

