«Kopako finalaren amaieran umeen aurpegia ikustea sekulakoa izan zen»
Borja Aranburuk (Itsasondo, 1978) Goierri Eskolan mekanizazioa ikasi zuen. Ondoren, Garmendia enpresan lan egin zuen. 23 urte daramatza CAF enpresan. Zaletasunei dagokienez, bizikletan ibiltzea eta semeekin Realaren partidak ikustera joatea gustatzen zaio. Kopako finalera familia osoa joan zen. «Oso polita izan zen. Kuadrillakoekin elkartu ginen, gainera. Asko bidaiatu dugu Realarekin, baita Bigarren Mailan izan zenean ere. Madrilen, Valentzian, Elxen… izan gara».
Pelikula edo telesail bat.
Braveheart pelikula asko gustatzen zait. Telebistan kirola ikusten dugu gehienbat: futbola, txirrindularitza, motorrak, pilota, atletismoa… Semeei ere asko gustatzen zaie.
Liburu bat.
Iñaki Otxoa de Oltza alpinistaren Bajo los cielos de Asia. Ez naiz oso irakurri zalea, baina egunkariak irakurtzen ditut.
Musika talde edo abeslari bat.
La Polla Records. BECeko kontzertura joan ginen, autobusean. Su Ta Gar taldea ere gustatzen zait. Euskal taldeak gustatzen zaizkit.
Abesti bat.
Su Ta Gar taldearen Jaiotze basatia.
Oporretarako leku bat.
Oropesara (Herrialde Katalanak) joaten gara, gurasoek han apartamentua dute eta. Eta beste aste bat, mendira.
Zer gosaltzen duzu?
Jogurt bat, lauzpabost gaileta eta kafe bikoitza.
Kolore bat
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Azkeneko Kopako finala. Umeen jaiotzak ere bai, noski, baina Kopako finala laurok elkarrekin bizi ahal izan genuen. Umeek asko sufritu zuten, eta amaieran beraien aurpegia ikustea sekulakoa izan zen.
Jaso duzun opari bereziena.
Umeak: Oinatz eta Ekhi.
Amets bat.
Inguruko guztiak osasuntsu egotea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Bizikletan pare bat orduko buelta ematea.
Goierriko txoko bat.
Urkiko buelta. Bertako bistak sekulakoak dira.
Itsasondon biziko ez bazina…
Denboraldi batean Ordizian bizi izan ginen, baina umeak eduki genituenean Itsasondora itzultzea erabaki genuen. Ez nintzateke urrutira joango. ■

