Zaindu maite duzun hori
Judit Garcia LLorens • Baserritarra
Sistema ekonomiko kapitalistaren alde txarrak gero eta nabarmenagoak dira Europan ere. Baliabide naturalak hondatzen eta agortzen ari dira eta herritarron bizimodua gehiago estutzen ari da boteretsuek etekinak areagotzen segitzeko. Egoera horretan eskuin muturraren hedapena, bereziki landa eremuetan, beldurgarria da: AEB, Brasil, Argentina, Alemaia, Frantzia, Austria…
Kontzientzia horretatik gurean egunerokotasunean badugu zer zaindua eta zer defendatua. Faxismoaren kontrako hizkuntza euskara den bezala, aldaketa klimatikoaren kontra eta internazionalismo zein elikadura burujabetzaren aldeko eredua agroekologia dugu. Aurreko larunbatean Ordiziako plazan egon zirenek benetakotasun hori irudikatu ahal izan zuten.
Mila kolore: gorria, laranja, beixa, marroi, berdea, morea, urdina,.. forma ezberdinak: hazi eta hauts formak, borobilak, zuzenagoak, eta naturak emandako bestelako forma zein dimentsio,.. hamaika elikagai, denak Ordiziako plazan izan ziren joan den larunbatean. Berrogei baserritar inguru beren eskuekin sortu eta eraldatutako elikagaiak saltzen. Horien atzean, hamaika soro, larre, baratzak, ardiak, behiak, oilo… Euskal Herriko lurraldeetan barrena barreiatuak gure paisaia eta kultura aberastuz. Giza neurriko etxaldeek tokiko baliabideetan oinarritutako elikagai anitzak, ez berdinak, zaporetsuak eta kalitatezkoak sortuz.
Euskal Herriko sektore agroekologikoa administrazioarentzako gehiegietan ahaztua eta gutxietsita, ez bada lehenengo sektoreko irudiak eta argazkiak ateratzeko, dena ekologikoa balitz bezala saltzeko: abereak larrean, barazkiak lurrean, bioaniztasuneko koloreak, oreka… Laguntzeko eta sustapen politikak martxan jartzeko garaian, berriz, baliabideak beste nonbaitera bideratzen dira, esku gutxiagotan gero eta gehiago pilatzen. Laguntza publikoekiko menpekotasuna gutxiago eta burujabetza gehiago dago eredu honetan, nork bere lanetik bizitzeko eta aurrera egiteko, baina hedatzea nahi badugu sustapena ezinbestekoa da. Herritarrekiko harremanak berriz, beharrezkoak dira: gerturatzea eta ezagutzea merezi du. Ezagutzen ez dena ez da baloratzen, eta ezin da maite. Orain bada mantangorri zigilu berria identifikatzen laguntzeko. ■
