Etxean zaintzea, gero eta behar handiagoa
ElkarEKIN Lanean programaren barruan eskaintzen den ‘Zaindu Goierri’-k zaintzaren arloko prestakuntza eta profesionalizazioa sustatzen ditu, biztanleriaren zahartze progresiboaren eta kualifikatutako profesionalen eskaera gero eta handiagoaren aurrean.
Goierrin, Euskadiko gainerako eskualdeetan bezala, biztanleria pixkanaka zahartzen ari da. Eskualdeko zahartze-indizea %19,09koa zen 2016an, eta %23tik gora dago Eustaten azken datuen arabera. Bilakaera horrek gero eta presenteago dagoen errealitate bati egiten dio erreferentzia: gero eta adineko pertsona gehiagok behar dute laguntza, eta, horrekin batera, haiei arreta egokia eskaintzeko prestatutako profesionalen beharra ere handitzen ari da.
Baina behar hori ez da etorkizuneko kontua. Eskualdeko egunerokoan, dagoeneko, gero eta handiagoa da zaintzaren arloan prestakuntza eta kualifikazioa jasotzeko eskaera. Hein berean, gero eta gehiago dira arlo horietan izena eman nahi dutenak. Batzuk zaintzaile lanean ari dira dagoeneko, eta beren esperientzia egiaztatzen duen profesionaltasun-ziurtagiria lortu nahi dute. Beste batzuek, berriz, prestatzeko eta gero eta profesional gehiago eskatzen dituen lan-esparru batean lehen aldiz txertatzeko aukera nahi dute.
Testuinguru horretan kokatzen da Zaindu Goierri, zaintzaren arloko prestakuntzaren eta profesionalizazioaren alde egiten duen ibilbidea, eskualdean gero eta presenteago dagoen erronka bati erantzuteko.
Proiektua Elkar-EKIN Lanean programaren barruan garatzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia da, eta aldundiak %85 eta Goierriko 18 udalek %15 finantzatzen dute. Pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta prestakuntza eta enplegu aukerak sortzea du helburu, bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden edo lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonentzat.
Goierrin, estrategia hori eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean garatzen da, Goierriko Laneratze Soziolaboraleko Mahaian parte hartzen dutenekin, hain zuzen ere: Caritas, Gurutze Gorria, Goierri Eskola, Prospektiker, EDE Fundazioa, Sarea Fundazioa, Biok Zerbitzuak, eskualdeko gizarte langileak eta Goieki. Elkarlan horri esker, lurraldean atzemandako behar sozialei eta laboralari egokitutako ibilbide eta prestakuntzak bultzatzen dira. Horien artean dago 2. mailako SSCS0108 Profesionaltasun Ziurtagiria, mendekotasuna duten pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta emateko. Gurutze Gorriak eskaintzen du formakuntza teknikoa eta EDE Fundazioak lantzen ditu konpetentzia soziolaboralak.
Hirugarren edizioa
Prestakuntzak 600 orduko iraupena du, eduki osagarri jakin batzuez gain, eta ikasleak etxean gizarte- eta osasun-arretako zereginak garatzeko prestatzen ditu. Mendekotasuna duten pertsonei eguneroko bizitzan laguntza eta babesa eskaintzea eta, ahal den neurrian, haien autonomia eta ohiko ingurunean bizitzen jarraitzea sustatzea du helburu.
Klaseak Goierri Eskolako instalazioetan ematen dira, eta ikasleek prestakuntza horren ezaugarrietara bereziki egokitutako ikasgela dute. Espazioan etxebizitza bateko hainbat gela eta elementu erreproduzitzen dira, eduki teorikoak egoera praktikoetara eramateko eta etorkizunean beren jarduera profesionala garatuko duten ingurunea simulatzeko aukera emateko. Horrela, prestakuntzak ezagutza teorikoak eta ikaskuntza praktikoa uztartzen ditu, eta ikasleek etxeko arretan ohikoak diren zeregin eta egoerekin ohitzeko aukera dute.
Ikastaroa zaintzaren arloan lanean ari diren eta beren gaitasunak egiaztatu edo zabaldu behar dituzten pertsonei zuzenduta dago, baita sektore honetan profesionalki aritzeko prestatu nahi dutenei ere. Lehen edizioetako esperientziak erakusten du, gainera, prestakuntza hori enplegurako sarbidea izateko bide ere izan daitekeela. Oraingoa ikastaroaren hirugarren edizioa da. Aurreko bi edizioetan 87 pertsonak parte hartu zuten, eta prestakuntza amaitu ondoren, zaintzaren arloan lanpostu bat lortu edo lan-kontratu bat formalizatzea lortu dute.
Etxean zaintzearen erronka
Adineko pertsona edo mendekotasun-egoeran dauden pertsona askorentzat, beren etxean geratzea eta ohiko ingurunearekin lotuta jarraitzea ongizatearen parte garrantzitsua da. Hala ere, eguneroko zereginak egiteko laguntza behar dutenean, familiek egoerari egin behar diote aurre, eta ez dute beti beharrezko ezagutza edo baliabiderik.
Etxeko gizarte- eta osasun-arretak, zentzu horretan, funtsezko eginkizuna betetzen du. Ez da soilik eguneroko oinarrizko zereginetan laguntzea; pertsonari laguntzea, haren autonomia sustatzea eta bere beharretara egokitutako arreta eskaintzea ere bada. Prestakuntza duten profesionalak izatea, beraz, funtsezkoa da kalitatezko arreta bermatzeko eta familiei konfiantza eta segurtasun handiagoa eskaintzeko.
Zaintzea ez baita zeregin jakin batzuk egitea soilik. Laguntzea, gertutasunez tratatzea, pertsona bakoitzaren autonomia errespetatzea eta haren beharretara egokitzeko gaitasuna ere lanbide honen parte dira, giza dimentsio garrantzitsua duen lanbide baten parte, hain zuzen ere Ede Fundazioarekin lantzen direnak.
Gero eta behar handiagoa
Biztanleriaren zahartzeak erronka berriak planteatzen ditu familientzat eta gizarte osoarentzat. Bilakaera demografikoaren arabera, arreta eta zaintza beharrak datozen urteetan ere handitzen jarraituko du.
Testuinguru horretan, profesional espezializatuen prestakuntzak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du. Zaindu Goierri bezalako ekimenek errealitate horri aurrea hartu nahi diote, lurraldeko behar sozialak prestakuntza eta enplegu aukera zehatzekin lotuz.
Zaintzak profesionalizatzeak, beraz, bi aldeei egiten die mesede: batetik, beren ohiko ingurunean bizitzen jarraitzeko laguntza behar duten pertsonei; eta, bestetik, prestakuntza eta etorkizun laboralerako aukera bat arlo honetan aurkitzen dutenei. ■
ElkarEKIN. Zaindu Goierri
Bideoa: Ezagutu Zaindu Goierriko ibilbidea
Ziurtagiriari, baldintzei, hurrengo deialdiei edo izena emateko prozesuari buruzko informazio gehiago: 943 16 18 31 telefono zenbakian.

