Santu-izenak tokiko izena baztertzen duenean
Bizigune asko santu-izenez ezagutzen dira Euskal Herrian zehar. Ez dira bereizten parajearen betiko izena eta bertan dagoen elizaren edo ermitaren adbokazioren izena eta, sarritan, errazkerian erorita, bigarrena erabiltzen da jatorrizko leku-izena bailitzan. Esango nuke joera hori areagotu egin dela azken belaunaldietan.
Ugariak dira adibideak Goierrin, baina artikulu honetan Urretxu eta Zumarragako bi kasutan zentratuko naiz. Hortxe dauzkagu Santa Barbara auzo historikoa Urretxun eta San Kristobal auzo historikoa Zumarragan, biak ala biak udal bakoitzeko kale-izendegian onartuak. Zumarragako kasuan tematu dira, gainera, gaztelaniazko San Cristóbal aldaera nabarmentzen.
Ez kasu batean, ez bestean, ez da kontuan hartu bertako bizilagunek gordetako tradizio zaharra, non auzoaren izena eta ermitaren izena ondo bereizten diren. Zumarragako kasua argia da. Auzotarrek Anbusakona esaten diote auzo zabalari, XIX. mendeko agirietan ere jasotzen den aldaera: “barrio de Aramburu zacona”. Lehenago, berriz, “barrio de Aramburu” eta “sosquera de Aramburu” modura ezagutzen zen. Dena dela, “San Cristóbal de Oraa” ere azaltzen da XVII. mendeko agirietan (Antonio Pradak egindako lan eskergari esker dakigu hori) eta pentsatu liteke udalerria barruti-administratiboetan edo zozkeratan banatu aurretik ermita zegoen auzunearen izena Oraa zela.
Urretxuko kasua ezezagunagoa da. Hemen ere Santa Barbara auzoaren izen zaharra beste bat da, gaur egunera arte ozta-ozta ailegatu den izena. Nik Mendizabal baserriko Eusebi Aiastuiri jaso nion 1998. urtean: Mendieta esaten zion (ménditta, ahozkoan), eta izango da oraindik erabiliko duen bakarren bat. Esan beharra dago urte berean Antzuolako Iñurrigarro baserriko Daniel Iturbek Urretxuko auzoa erreferitzeko Mendia (mendíxà, ahozkoan) izena erabiltzen zuela, eta ez Mendieta. Oso kontu bitxia da, ez delako idatzizko agirietan erabili izan (nik behintzat ez du topatu horren gaineko erreferentziarik), baina bestetik erabilera hori Urretxuko toponimia zaharrarekin bat datorrelako.
‘Mendi’-ren esanahiaz
Urrutira joan gabe hortxe ditugu Mendizabal (1539. urtetik gutxienez), Mendiazuurte (1401. urtean dokumentatua, gaur egun Mendiako zabala) eta Mendiaras (“arroyo de Mendiaras”, “ferrería de Mendiaras”, “molino de Mendiaras”, “puente de Mendiaras”, “cantera de Mendiaras”, “casas de Mendiaras”, XV. mendetik dokumentatuak). Garbi dago Urretxuko udalerriaren goiko aldea Mendia edo Mendieta izenez ezagutu izan dela, seguruenik, beheko aldetik edo hirigunetik bereizteko.
‘Mendi’ osagaiaren esanahiari begira, esan beharra dago Euskal Herriko leku-izen askok daramatela bere barnean, eta askotan ez dute goragunerik erreferitzen. Hortxe dauzkagu, esaterako, Mendalde eta Mendigarate Zegaman, Mendia Zerainen, Mendizabal Mutiloan… Osagai horren atzean beste zerbait dagoela garbi dago. Geografiaren ezagutzak eta historian zehar paisaiak izan duen aldaketaren ezagutzak , argitze horretan lagunduko dutela iruditzen zait. ■

