Euskal baserri ondarearen gordailua
Igartubeitiren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi batean, trikitilari bikotea soinua jotzen. Josune Zarandona
Igartubeiti museoak 25 urte bete ditu, euskal baserriaren ondarea zaintzen, ezagutarazten eta belaunaldi berriei transmititzen. Orain, etorkizuneko erronkei heldu die, fokua interpretazio zentroan, jardueretan eta lankidetzetan jarrita.
Igartubeiti Baserri Museoa 25 urteko ibilbidea ospatzen ari da aurten. Abuztuaren 11n bete zuen mende laurdena, euskal baserriaren ondarea zaindu, ezagutarazi eta belaunaldi berriei transmititzeko helburuarekin sortutako kultur espazio honek, eta ordutik ekitaldiz beteriko ospakizun egitaraua jorratzen ari da. Igartubeiti gaur dagoen lekura iristeko inguruko komunitateak izan duen garrantziari aitortza eginda, komunitate horrekin batera ari da ospatzen urteurrena.
Irailaren 26an hasi ziren ospakizunak, Sagarra ehuntzen: 25 urte sarean jaiarekin, eta urrian jarraitu dute, Baserri-minez ikuskizunarekin eta Sagardo Astearen 25. edizioarekin. Aurrerago ere izango dira ekitaldi gehiago.
Baina ospakizunak ez dira egunerokoa Ezkioko txoko horretan. Baserri inguruko bizimodua eta ohiturak eta sagardogintzaren historia ezagutzera ematea da jarduera nagusia, eta erakusketa finkoak eta aldi batekoak, bisita gidatuak eta hezkuntza eta kultur ekitaldiak dira bitartekoak. Hori guztia kudeatzeaz K6 Gestion Cultural enpresa arduratzen da, eta Kizkitza Ugarteburu da baserri museoaren koordinatzaile nagusia.
Igartubeiti, sasoi onean
Igartubeitik bere historiari begiratzeko tarte bat hartu du azken asteotan, baina eguneroko horretan eta etorkizunen du jomuga orain. Ugarteburuk dioenez, 25 urte ondoren, «sasoi onean» dago, eta horren adierazle da museoaren jarduera.
«Baserria kultur ondare gisa babestea eta mantentzea da gure zeregin nagusia», azaldu du, eta horren baitan, tradizioa eta gaurkotasuna lotzen dituzten jarduerak antolatzen dituzte. «Baserriari eta bere inguruneari lotutako praktika artistikoak garatzen ditugu, egonaldi artistikoak eta tailer bereziak, esaterako».
Baina Igartubeitiko programazioa zabalagoa da, eta «tailer, solasaldi eta artisten, artisauen eta tokiko eragileen arteko topaketen bidez» gauzatzen dute. Ugarteburuk zehaztu duenez, «erantzun bera du abiapuntu: funtsezkoena, egunerokoa, lurraren zaintza eta denborarekiko errespetua erabiltzea, landa eremuak bizi duen bidegurutzeari aurre egiteko bide gisa». Ildo horretan, lurraldeak dituen erronkak aipatu ditu, jasangarritasuna horien artean, edo etxebizitza falta dagoen honetan baserriak hutsik egotearen paradoxa; horren inguruan hausnarketa sustatzea «oso garrantzitsua» dela uste du.
Bisitarien harrera
Hausnarketa horretan, baserri-museoak jasotzen dituen bisitariek paper garrantzitsua jokatuko dute. Ugarteburuk azaldu duenez, «gero eta bisitari gehiago ditugu, harrera ona, baikorra da eta gustukoa dute eskaintza. Hala diote behintzat asebetetze galdetegietan».
Iaz 8.000 bisitariren langa gainditu zuten. Gehienak gipuzkoarrak eta EAEtik datozela zehaztu du, baina joera aldatzen ari da hor ere: «Lehen oso nabarmena zen eta alde handia zegoen, baina orain estatuko zein atzerriko bisitariak gero eta gehiago datozkigu». Horretan, Gipuzkoako Sagardogile Elkartearen Sagardoa Route ekimenaren eragina nabarmena dela dio: «Donostiatik turistak ekartzen dituzte furgonetan, asteazken, ostiral eta igandeetan. Igartubeiti baserri-dolarea ezagutu eta gero sagardotegi batean bazkaltzen dute».
Banaka eta taldeka etortzen diren bisitarien kopurua ere berdintzen ari da, eta horietan ere joera aldatzen ari da azkeneko urteetan. Taldeei dagokienez, ikastetxeetatik iristen dira gehienak, eta kultur elkarte, euskaltegi zein egoera zaurgarrian dauden elkarteetatik gero eta gehiago. «Bestetik, familian datoz gehienak, eta gutxien gazteak, nahiz eta zenbait erakusketatara eta jardueratara ere etortzen diren». Lehen Hezkuntzako haurren gorakada ere nabaritu dute azken urteetan. 
Jarduerekin asmatzea
Bisitariak erakartzeko, «asmatu» egin behar da eskaintzan. Ugarteburuk dioenez, antolatzen dituzten jarduerei «orokorrean jendeak erantzuten die, eta parte hartzen dute», baina jarduera batzuk oso erantzun ona izaten dute, eta beste batzuk ez hainbeste.
Horren arrazoietako bat ere azaldu du. Eskualde mailan eta lurralde mailan eskaintza ugari dagoela iruditzen zaio, «eta batzuetan ez dugu jakiten ondokoek, gertukoek egun berean jarduerak antolatuko dituztela, eta horregatik jendeak kale egiten du».
Horrez gain, jarduera horiek jendearen gustukoak izango diren jakin gabe antolatzeko duten ohitura ere aipatu du. «Egia esan, gogobetetze inkestak bidaltzen ditugunean orokorrean dena ongi eta oso gustura aritu direla erantzuten dute, ez dute iradokizunik ematen. Orduan zaila da jakitea zer gustatuko litzaiekeen guk antolatzea; feedback-a jasotzea ez da erraza».
Jarduerez aparte, baserriak berak ere erakartzen ditu bisitariak. «Banaka edo taldean etortzen dira, eta batzuek beraien kabuz ikusten dute baserria, bisita gidaturik gabe. Beste batzuek, berriz, bisita gidatua nahiago izaten dute. Baina guztiek gure arbasoak baserrietan nola bizi ziren ezagutzea gustuko dute. Kanpotik datozenek, estatutik eta atzerritik, gure identitatea, nortasuna eta ohiturak ezagutu nahi dituzte».
Etorkizunari begira
Argi ikusten denez, Igartubeiti baserri-museoa egoera onean dago gaur, baina etorkizunak dakartzan erronketan dute fokua jarrita. Orain hausnarketa fasean daudela azaldu du Ugarteburuk, eta, besteak beste, interpretazio zentroaren gunearen berrikuntza daukate esku artean. Hor ematen dituzten azalpenak ez dituzte mugatu nahi XIX. mendera bakarrik.
Bestalde, artisauen lanbideak balioan ipintzen jartzen jarraituko dute, eta tailerrak eskainiz, beraiek entzuteko aukera emango dute. Kultur ondarea eta arte garaikidea uztartzen dituzten jarduerak eta egonaldiak antolatzen ere jarraituko dute.
Lankidetzak ere garrantzitsuak izango dira, eta Ezkioko herritarrekin dutenekin mantenduko dute, baita eskolarekin duten proiektuarekin jarraitu ere. Beste elkarteekin eta eragileekin ere jarraituko dute lankidetzan, proiektu berriak gauzatzeko, eta Goierri garaiko turismo jasangarriaren plana zehazteko behar dituzten loturak mantenduko dituzte. Gainera, lankidetza berriak sortzen saiatuko dira. ■
