«Generoak fusionatzea eta loturak bilatzea da niretzat organikoena»
‘Hitzak balak dira’ diskoan aritu da lanean Ainhoa Plagaro (Zumarraga, 1997) azkeneko bi urteotan. Bilduma horretako lehen abestia, ‘Izpiak’, kaleratu berri du. Akatx bandak lagunduta eskainiko ditu zuzenekoak.
Fusioa Akatx proiektuaren «nortasuna» dela adierazi du Ainhoa Plagarok. «Ahots flamenkotu batek, popa, runba eta elektronikaren elementuak uztartzen ditu, genero eta soinu ezberdinak batuz». Proiektu horrekin bere bakarkako bideari ekin dio.
Generoen fusioa hasieratik bilatu duzu, edo prozesuan atera zaizu?
Niretzat, proiektu honetan garrantzitsuena ez da izan genero jakin batean kokatzea, baizik eta egiten nuenarekin identifikatuta sentitzea, proiektuaren esentzia benetan nirea izatea. Musika estilo jakin batera ez mugatzeak esperimentatzeko eta gauza berriak probatzeko aukera handia ematen dit. Generoak ez ditut muga zurrun gisa ulertzen, gehiago interesatzen zait haien artean sor daitezkeen loturak bilatzea. Generoak fusionatzea da niretzat organikoena.
Bi urteko lanaren ondoren, ‘Izpiak’ abestia kalean da.
‘Izpiak’, diskoaren bukaera aldera etorri da. Hasieran, pop-rock kanta bat bezala sortu nuen, baina ez nuen guztiz konektatzen berarekin. Kanta ikuspegi emozionalago eta esperimentalagotik lantzea erabaki nuen, eta horrek guztiz bat egiten zuen nik bilatzen eta sentitzen nuenarekin. Azkenean, niretzat, bilaketa pertsonal bat ere izan da diskoa bera egitea, eta kantuetan berdina gertatu da.
Bakarkako proiektua bada ere bandarekin ariko zara zuzenekoetan.
Sortze prozesua bakarrik egin dut. Kantak produzitzeko garaian, ordea, Toni Santamarta produktorearekin egin dut lan. Bere papera garrantzitsua izan da proiektuan egin den musikan. Entzule gisa, zuzenekoari eta bertan transmititzen denari garrantzi handia ematen diet. Bandarekin zuzenean jotzeak abestiei presentzia handiagoa ematen die, eta une bakoitzera hobeto egokitzeko aukera eskaintzen du. Zuzeneko bakoitza desberdina izan daiteke, eta hori oso interesgarria iruditzen zait. Argi nuen horixe zela nahi nuen formatua, gutxienez, lehen bira honetarako, eta horren aldeko apustua egin dut. Beste hiru kide egongo dira nirekin oholtzan: Irati Garmendia baterian eta perkusioetan, Ana Gomez gitarrarekin, eta Irati Iturbe baxuarekin.
Alarma Morean egoteak zertan lagundu dizu Akatx sortzeko?
Akatxek modu pertsonalagoan eta artistikoagoan adierazteko aukera eman dit, baita lan egiteko beste modu bat arakatzekoa ere. Nire burua beste modu batean erakusteko eta nire hizkuntza artistikoa askatasun handiagoz garatzeko espazioa aurkitu dut bertan. Alarma Morea esperientzia handia pilatzeko eta artista gisa garatzeko espazio garrantzitsua da niretzat. Ez dugu horrelako sormen prozesurik bizi izan, baina beste plano batean nire alderdi artistikoa garatzeko aukera ere eman dit. Proiektu horretan ikasten dut bai taldean lan egiteko moduari dagokionez, bai agertokian egoteari dagokionez. Beraz, ez nuke esango bata bestea baino gehiago edo gutxiago denik; nire alde desberdinak lantzeko aukera eman didate. Alarma Moreak bide bat ireki dit, eta Akatxek beste leku batzuetara eramaten nau. ■

