Zer edo zer badabil
Bada denboraldi bat ezin dudala irakurri. Ez naiz literaturaz ari, errealitateaz baizik. Dena hain azkar doa, kosta egiten baitzait nire bizitza gobernatzen duten dinamikak bereiztea eta horien ondorioak aurreikustea. Zerbait ulertzen ez dudanean, zerrendak idazten ditut. Nahiago dut aurrez aurre bizi, Persefoneri bezala ez gertatzeko, loreak biltzen baitzituen Hadesek bahitu zuenean.
Gaurko munduaren dinamikak:
1. Bataila ezberdinak gainjartzen dira: militarrak (Ekialde Hurbila, Ukraina…), teknologikoak, baliabide natural eta kulturalengatik.
2. Adimen artifizialak (AA) gobernantzari eragiten dio baimenik eskatu gabe. Legebiltzarreko erregulazioa atzetik doa.
3. AAren aldeko lasterketa nagusitasun militarraren aldeko borroka ere bada (NAZA pelikula ikusi).
4. Teknoligarkek (Musk, Bezos, Zuckerberg, Thiel…) azpiegiturak, informazioa, datuak eta teknologia kontrolatzen dituzte, eta politikan eragiten dute. Demokrazia liberala zalantzan jartzen dute eta estatuen eta nazioz gaindiko erakundeen (EB, NBE) desarautzea eta ahultzea sustatzen dute.
5. Ezberdintasun ideologikoak dituzten arren, munduko autokratek (Putin, Xi Jinping, Jamenei, Netanyahu, Trump…) batuta jarraitzen dute aberastasuna eta boterea gordetzeko, kontuak ematea saihesten dute eta aurkariak zapaltzen dituzte.
6. EBko eraso hibridoek, propagandak, demagogiak eta pertsonak gerra-arma gisa erabiltzeak gora egin dute. Sare sozialak, lubaki berria.
7. Eskuin muturrari aurre egiteko, sarritan onartzen da haren esparru ideologikoa: etengabeko mehatxua, immigrazioa eta feminismoa arrisku gisa, Brusela etsai gisa…
8. Ideiak eta programak aurrez aurre jartzetik, arreta, emozioak eta identitateak aurrez aurre jartzera igaro da politika.
9. Alderdi kontserbadoreak desagertu edo errotik eraldatzen dira, ultraeskuindarrek irentsita.
10. Bandera gorriak itzultzen dira eta gazte batzuek utopia marxista zaharrak besarkatzen dituzte. Hor dago N-I errepidearen ondoko horma-irudia, Ordizia parean.
11. Ezkutuko gizarte-krisiak bortizki lehertzen dira Europan.
12. Klima-aldaketak eragina du jada osasunean, ur eskuragarrian eta elikagaien prezioan. Suteek, kostaldeko higadurak eta euri-jasek gora egiten dute.
13. Hitz batzuk jendaurrean saihesten dira, hala nola feminismoa edo arrazakeria, eta beste batzuek esanahia aldatzen dute: ‘askatasuna’ eskubide partekatutik mugarik ezera igarotzen da; ‘woke’, bidegabekerien kontzientziatik arerioak gutxiesteko etiketara.
Osagarri hauekin neure buruari galdetzen diot: zer pastel mota aterako da labetik? ■

