Euskal Herriko Dantza Txapelketak 50 urte
Euskal dantzaren munduan urteurren borobila ospatzen duen orok merezi du aitortza, eta, zer esanik ez, Segura bezalako herri batean antolatzen den Euskal Herriko Dantza Txapelketak.
50 urte luzez iraun duen txapelketaren atzean dagoen lana balioan jarri nahiko nuke.
Alde batetik, bestelako ohitura eta tradizioekin gertatu ohi den bezala, ez ziren gutxi izango dantza txapelketa egokitu eta egungo gizartera moldatzeko eztabaidak eta beste horrenbeste iraun dezan buruko eta tripako min ugari pasatu beharko duenik izango da antolatzaileen artean.
Bestetik, Segurak txapelketako lehiatik haratago, dantzari lotutako eguna antolatu du, eta puntako dantzariez gain, dantzariek eta Segurako herritarrek ere egitarau ederraz gozatzeko aukera dute txapelketa egunean.
Dantzari moduan txapelketetan parte hartu ez arren eta lehia horretatik aparte ibili arren, Segurako txapelketak beti sorrarazi izan dit lilura berezia. Parte hartzen duten bikoteen ausardia, dedikazioa eta pasioa txalotzekoa da. Kamera, publiko eta epaileen aurreko urduritasunei eusteko egiten den ahalegina ere ez da makala. Baita dantza egin ondoren arnasestuka kamera aurrean hitz egin beharra ere! Biba zuek!
Gutxienez beste horrenbeste urte iraun dezan, ez dauka erronka makala txapelketak! Zorionak antolatzaileei eta Segurako herriari urteurren honengatik, eta jarri dezagula dantzaz gozatzen eta gozarazten. ■

