Ez da giro
Ez da giro egunotan. Ez da giro Euskal Herrian, ez Estatu Espainolean, ezta munduan ere. Izango da, akaso, bidegurutze batean harrapatu gaituela urtaro aldaketak, ez dagokion hozberoarekin, eta adimena ere besterenduta, zerutiarra edo infernukoa ote den argi ez daukagun hodei batetara eramana. Petralduta gabiltza guztiak, iparrari nondik heldu asmatu ezinean.
Hala ere, noizik eta behin izaten dira gauza on batzuk sikiera, gizatasunean itxaropena ez galtzeko. Esaterako, Lola Valverde historialariak jaso du Manuel Lekuona saria, euskal historiografiari eta kulturari egindako ekarpenagatik eta baita ere gure gizartean hain beharrezkoa den emakume izatearen garrantzia ikustarazten egindako lan eskergarengatik.
Itxialditik atera berri ginelarik, Nafarroako Margaritari egin genion zina ere bete dugu! Hitza eman genion, egiazki konplitzerik izango ote genuen ziurtasun sendorik gabe, Aitorren hizkuntz zaharrera ekarriko geniola hark frantsesez idatzi zuen maisulan errenazentista; bada, urtea amaitu baino lehen ikusiko du argia liburu bilakatuko den itzulpenak. Urterik urte, han eta hemen aritu ondoren, oztoporen bat edo beste gaindituta, lortu dugu.
Halaber, euskal zientzialari unibertsalenak abiatutako eta komunitate zientifikoaren baitan mundu mailan erreferentziazko bilakatu den DIPC ikerketa guneak iaz mende laurdena bete zuela-eta, Naturaren sekretua izenburu daraman ikus-entzunezkoarekin Euskal Herrian zehar dabil Izabakoa, bere gogoeta zabaltzen, alta, «zientzia etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da»; ez esan ez denik poetikoa! Ez esan izenburua bera ez denik iradokitzailea! Kaleratu berri dute bere biografia jasotzen duen liburua. Mende laurdeneko ibilbide hain oparoak merezi baitzuen horrenbeste.
Ordea, ezin begi bistatik kendu, erlojuaren orratza atzeraka eraman eta datozen egunei argia lapurtuko dien garai honetan, hauteskundeak deitu eta hemendik aste batzuetara hurrengo lau urteetan gizartearen hobe beharren kudeaketaz arduratzea nahiko genukeenei bozka emateko aukera izango dugula; ezin esan ezustean harrapatu gaituenik, aurreikus zitekeen balizko agertokia baitzen. Nago urtaro ospelak ez duela laguntzen hausnarketa arduratsua egiten; nago inoiz baino beharrezkoagoa zaigula arestian aipatutakoetan sostengua ezarri eta irizpidetzat baliatzea. Nago, emaitza dena delakoa, ez dela izango giro. ■
