Hari gorria
Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Iratzargailuak jo eta gaztea jauzi batean altxatu zen.
Luzaketak egin zituen.
Besoak gora.
Besoak behera.
Zer zen oinen azpian zegoen hari gorri hura? Hari-muturra hartu eta hariari jarraitzea erabaki zuen.
Gelatik kanpora zihoan, korridorea zeharkatu, ate azpitik igaro eta atariko eskaileretan behera. Atariko ispiluan konturatu zen pijaman eta etxeko zapatiletan zihoala. Tira.
Berehala itzuliko zen.
Okindegiko izkinan desagertzen zen haria. Pertsiana erdi jaitsita zegoen. Kristalean kartel bat: ‘Erretiroa hartu dugu. Mila esker bidelagun izan zaituztegun bezero eta lagun guztiei’. Ez zekien ezer.
Plazako bankuak zuriz margotzen ari ziren.
– Pijama polita!-esan zion margolariak.
Gazteak hari gorria erakutsi zion, horrek dena argituko balu bezala, eta aurrera jarraitu zuen mataza bilduz.
Anbulantzia bat zegoen mertzeriaren aurrean. Marmarrean ari zen bikote bati entzun zionez, laugarreneko Matias sukaldean erori zen.
Harategian hiru lagun zeuden odolkiak erosteko. Sanmartinak ospatuko zituzten askok.
Hariak farmazia aurretik jarraitzen zuen,lorategia inguratu eta bere kalera itzultzen zen.
Ordurako hotz zituen oinak.
-Ez da posible!
Bere atarian zegoen berriro. Haria ezkerreko eskaileretan gora zihoan. Nola ez zen lehen konturatu? Hirugarrenean, Maitereren ate azpitik sartzen zen.
Txirrina jo zuen.
-Sartu, irekita dago!
Maitere sukaldean zegoen, gurpildun aulkian.
-Zain nengoen!-esan zion.
Gazteak mataza altxatu zuen.
-Hau zure kontua da?
-Atzo ilobari eskatu nion -esan zion. -Zure giltza banuen, oporretan landareak urestatzeko eskatu zenidanetik.
-Auzo osoa zeharkatu dut. Pijaman.
-Jantziko zinela pentsatzen nuen-esan zion.
Gazteak hari-mataza utzi eta eseri egin zen.
-Eta? Zein zen honen guztiaren asmoa?
Maiterek kafeontzia mahai gainera ekarri zuen.
-Niri konpainia pixka bat egitea.
-Eta beharrezkoa al zen auzo osoari buelta ematea?
-Bestela, zer kontatuko zenidan, ba?
Kafea zerbitzatu zuen bi kikaretan.
-Bota -esan zion.
Gazteak hasperen egin zuen.
-Madalenaren bat, bai?
-Gailetak?
-Okindegia itxi dute -esan zion gazteak.
-Betiko?
-Betiko.
Maiterek gaileta-paketea ireki zuen.
-Matias sukaldean erori omen da – esan zuen gazteak.
-Loteria saltzen zuen Matias?
Gazteak baietz egin zuen.
-Gizajoa.Urteak betetzeak hori dakar. Begiratu niri.
Gaileta kafean busti zuen gazteak.
-Gaur sanmartinak sanmartinak ospatzen dira. Harategian odolkiak barra-barra.
-Umm… aspaldi ez dut odolkirik jan!
Hurrengo ostiralean Maitereren etxean gosaldu zuen. Eta hurrengoan. Eta hurrengoan.
Baina hari gorririk gabe.

