Hurbileko iraganaren kontaketa
Maitane Legarreta • Irakurzalea
Xabier Mendiguren euskal gatazkaz idazten ari da azken urteotan, literatura, memoria historikoa, transmisioa eta gogoeta bidelagun dituela. Morlans ez-fikziozko eleberria kaleratu du aurten, 1991ko abuztuaren 17an Donostiako izen bereko auzoan Guardia Zibilak ETAko hiru kide hil zituen operazioaren ingurukoak abiapuntu hartuta.
Guardia Zibilak Tolaretxe etxea inguratu zuen, eta tiroka ekin zion bertan zeuden Patxi Irizar mutrikuarraren, Iñaki Ormatxea urbinarraren, eta Jokin Leunda beasaindarraren kontra. Haiekin batera zen etxean hartu zituen Maria Eujenia Muñagorri ere, handik bizirik atera zen bakarra. Erasorako baliabide aldetik desoreka nabarmena izan arren, lau ordutik gora luzatu zen tiroketa, eta etxea zuloz beteta geratu zen.
Gertakariez gain, garai hartako testuingurua, zenbait hausnarketa, eta hil zirenen biografiak jaso ditu Mendigurenek liburuan. Hiru protagonisten bueltako kontaketaren bitartez, inguruko zenbait pertsonen berri ere izango du irakurleak zeharka, hala nola aurrez aipatutako Maria Eugenia Muñagorri, Arrate Urreisti eta Lurdes Aierberena.
Emakume haien inguruan gehiago jakiteko gogoz nengoela iritsi da nire eskuetara Lorea Azpeitiak idatzitako Su txiki bat, ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at saiakera. 2024an egindako doktoretza-tesia oinarri hartuta, ETAko emakume militanteen inguruko iruditeria aztertu du, genero ikuspegitik. Kontakizun ofizialek, fikzioak eta mitoek emakume hauen bizipenak, agentzia politikoa eta ahotsa desitxuratu eta lausotu izana salatzen du liburuak. Oroimen historikoa patriarkala dela eta genero estereotipoz betea dagoela gogorarazi digu, eta gure herriari ahalik eta oroimen ariketa zintzoena zor diogula ohartarazi du. Bada zer kontatu, ea begiradan eta kontaeran asmatzen dugun. ■
