«Polita izango da hainbat belaunaldi ospakizun beraren pean elkartzea»
Adel Ben Miloud atleta (Ordizia, 1997) Txindoki Atletismo Taldean murgilduta dabil 2009az geroztik. Mende erdia bete du Goierriko atletismo taldeak, eta datorren azaroaren 28an ospatuko dute urteurren jai berezia, klubetik pasa diren atleta, entrenatzaile eta laguntzaile guztiekin batera: «Polita izango da belaunaldi ezberdinetako jendea ospakizun beraren pean elkartzea, azken batean, horrek elkartzen gaituelako gu denok».
50 urteetatik hamazazpi egin ditu ordiziarrak taldean, eta 2018az geroztik, klubeko idazkari lanetan ere aritzen da. Uztail inguruan antolatu ohi duten Jose Antonio Peñaren omenezko Ordizia Meeting ekimenaren antolatzaileetako bat ere bada.
Korrika egiteaz gain, zein zaletasun dituzu?
Oro har, kirola egitea esango nuke dela nire zaletasunik handiena.
Pelikula edo telesail bat.
La Haine (Gorrotoa) pelikula frantsesa aipatuko nuke, Mathieu Kossovitzena.
Liburu bat.
Mitch Albon idazle estatubatuarraren Martes con mi viejo profesor.
Musika talde edo abeslari bat.
Monsieur leCrêpe.
Abesti bat.
Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak.
Oporretako leku bat.
Hondartza duen edozein.
Kolore bat.
Gorria.
Zer gosaltzen duzu?
Normalean kafesne bat, tostada batekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
800eko proban marka pertsonala egin nuenekoa.
Amets bat.
Txindoki Atletismo Taldeak beste 50 urte betetzea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Nire lehenengo bizikleta.
Bizitzako plazer txiki bat.
Merienda goxo bat.
Goierriko txoko bat.
Oiangu.
Ordizian biziko ez bazina…
Donostian. ■

