Politika, nire osasunaren kalterako
Maite F. Muga • Idazlea
Aspaldidanik, nire telebista gaurkotasun politikorako leiho irekia da. Programak ikusten ditut, eta tertuliakide bihurtu naiz. Besteei hitz egiten uzten ez dieten horietakoa. «Entzuten utzi nahi diguzu?», errieta egiten didate etxean. Erantzun egin behar diet! Unean erantzuten ez badut, gero ahaztu egiten zait.
Hasieran, politikaz interesagatik informatzen nintzen; orain, nire bizitza telebistako parrilla politikoaren inguruan antolatzen dut.
Nazkatuta nago. Gainezka! Baina larunbat arratsalde batean deskonektatzeko telesailik ez dut aurkitzen. Eta gauean Citorarekin dut zita.
La Septima gehitu berria da: saio gehiago, tertuliakide gehiago, baina betiko aurpegi berberak. Ez dakit nola koadratuko dudan nire programazioa Javier Ruizen trackinga ez galtzeko.
Kazetariak eta iritzi-emaileak nire heroiak dira. Nondik ateratzen dute ikertzeko, informazioa kontrastatzeko, iturriekin biltzeko eta platoetara joateko denbora? Arropak aldatuta! Nik, egun batzuetan, ez daukat sikiera pijama kentzeko astirik.
Asko gustatzen zait Sarah Santaolalla. Orain programa du k anal berrian. Nire parrillan agertzen ez denetik, nire asaldura bi puntu jaitsi da. Zenbat balio duen neska honek!
Politikazko enpatxu honen erdian, Salvame gogoratzen dut. Nork esango zidan liskar haiek faltan botako nituela! Haiekin lasaiago bizi nintzen: euren arteko gauzengatik borrokatzen ziren.
Agian politikaz deskonektatuko dut kanpaina erdian gaudela. Nire kortisol-mailak kandidatura propioa prestatzen dago dagoeneko.
Baina, txantxak alde batera utzita, pantailaren beste aldean gertatzen denak gure eguneroko bizitzan eragina du. Politikaz nazkatuta egon arren, ezin dut axolagabe geratu. Nire osasunak deskonektatzeko eskatzen dit; nire kontzientziak, adi jarraitzeko. Horregatik, hilaren 29ra burua argi iristea espero dut, botoa emateko.
Gizarte-politikak egiten dituztenen, publikoa denaren eta Euskal Herriaren interesen alde bozkatuko dut. Madrilen gertatzen denak euskaldunoi ere eragiten digu, batzuei ahaztu arren. Boto baliagarriak langileen eskubideak defendatu behar ditu.
Azaroaren 30aren ondoren, telebistatik deskonektatuko naiz. Egunean Radio Maria entzungo dut, eta afaltzerakoan errosarioa errezatuko dut Segura irratikoekin, PPk eta Voxek gobernua osa ez dezaten.
Osasuna zaindu behar dut. Martxa honetan, politikak edo ultraeskuinak —niri ez didate ziria sartzen: eskuina ez da existitzen— akabatuko naute.
P. D.: 29an, bozkatu! Adi! Herria zaintzen dutenen alde. ■

