#EHBT26 (bost datatan)
Antton Fernandez Lasa • Bertsozalea
Altsasu, irailak 26: Eneko Araiztegi Agirre. Pankarta eta guzti, jarraitzaile fidelak builaka aritu zitzaizkion hasierako agurretik segurarrari. Zozketak lehen lekuan jarri zuen, eta berak hasi zuen kanporaketa, Otzaurteri erreferentzia eginda. Ondo errimatu zuen saioan, ofiziokideei e(ra)ntzunez aritu zen, kantukideei txaloka, besteen errepikak kantatuz… Bejondeiola!
Tolosa, urriak 4: Amaia Iturriotz Etxaniz. Urretxuarrak aurreko txapelketatik koska bat gora egin du. Bere saioan bigarren egin zuen, baina irabazlearekiko puntu alde handiegiz, eta finalaurrekoen lehen itzulira sailkatu gabekoetan hirugarren izan zen azkenean; neurtezina neurtzean oinarritzen den lehiaren injustizietako bat. Sarean bila ezazue bere ganbarako ariketa.
Lekunberri, urriak 24: Aizpea Garmendia Iartza. Poz handia hartu genuen Bertsozale Elkarteak lazkaotarra gai jartzaile eta emaile arituko zela erabakitzean. Patxadaz, denbora kontrolatuz, bertsolariei baretasun lagungarria transmititu zien, eta entzuleok ohartarazi gintuen sarriegitan ikusezin pasatzen zaigun aurkezletza lan bikainaz.
Abenduak 5, Bilbo: Nerea Elustondo Plazaola. Txapelketan bizirik gelditzen den goierritarrak aurrera jarraitzen du bide oparoan; finalaurrekoen bigarren itzulia egiten denetik, lehen aldiz kantatuko du fase horretan, Miribilla kiroldegian, finalerako sailkapenean oraingoz 13. lekuan dela. Ariketa guztietan gutxienez orain arte bezain bikain ibiltzea opa diogu.
P.D.: Abenduak 20, Iruñea. Finalerako sarrerak dagoeneko eskuratu dituzuenok, oraindik aukeran dituzue otorduetako txartelak eta autobus joan-etorrietakoak www.bertsosarrerak.eus
gunean; Beasain, Lazkao, Ordizia, eta Zumarraga-Urretxutik abiatuko dira Goierrin. ■

