Alerta egoeran
Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Bakean nengoen, belardi zabalean. Bakarrik; biluzik; lasai. Erreka bat agertu da nire begien aurrean. Oinak ur gardenetan sartu ditut eta ez dut hotzik sentitu. Norbait zetorren urrutitik, baina zarata batek uxatu du. Ura ere desagertzen hasi da kolpetik.
Eta bat-batean, esnatu egin naiz. Iratzargailuaren sintonia desagradableak atera nau paradisutik.
Noiz onartu zuen gizakiak goizero susto batekin esnatzearen tortura? Ez al da kaltegarria izango bihotza dardarka dela eguna hastea, despertadore p*** baten kulpagatik?
Urduri jaitsi naiz sukaldera. Kafea hartu dut esku batean, eta mugikorra bestean. Sare sozialak arakatzen hasi naiz (goizeroko errutina). Palestina, Ukraina, Sudan… ez da giro munduan. Giza eskubideak kolokan, hondamendia neurri eta doinu librean… ez da giro gurean. Alerta egoeran jartzea komeni.
Kotxean sartu orduko hasi da irratia lanean. Euskalmetek abisu horia jarri du haizeagatik. Eta olatu handiengatik kostaldean. Ez da komeni itsasertzera gerturatzea. Kontuz zuhaitzekin. Leihoak itxi. Loreontziak kendu. Ez hartu autoa beharrezkoa ez bada. Etxean gelditu.
Erredakziora iritsi eta algoritmoek dena entzuten dutela esan dit lankideak. Begira daudela; zelatan. Badakitela zer nahi dugun eta zer pentsatzen dugun. Aurrekoan lagun bat umeentzat egindako arropen iragarkiak jasotzen hasi zen. Egun batzuetara, haurdun zegoela jakin omen zuen. Sorginkeria digitala.
Eta orain, gerra hibridoa. Tankeek baino beldur gehiago ematen duten mehatxu garaikideak. Eraso birtualak. Gure kontuak ez ezik, supermerkatuko hozkailuak ere hackeatu ditzaketenak. Ez dakit oso ondo zer esan nahi duen gerra hibridoak, baina izenak ez dit konfiantza handirik ematen.
Itzalaldi Handia ere iristear da. Ez dakigu noiz iritsiko den. Baina etorriko da. Edo ez. Baina prestatuta egon behar dugu. Ura, irratia, pilak, linternak, kandelak, kontserbak… komuneko papera. Bizirauteko kita. Gutxienez hiru egunerako hornidura.
Mezu bat jaso dut telefonoan. Garrantzitsua dirudi. Baina ez dut irekiko. Kontuz ibili behar da SMSekin. Kontuz mezu elektronikoekin. Kontuz bankuko jakinarazpenekin. Phisinga. Ez sakatu estekan. Ez fidatu zenbaki ezezagunez. Ez eman datu pertsonalik. Ez erantzun. Ez ireki. Ez sinetsi.
Ez dakit zer gertatuko den bihar. Agian haizeak eramango du etxeko teilatua. Munduko beste puntako norbaitek hartuko du nire Instagrameko profilaren jabetza. Bankuen ateak itxiko dira. Argindarra eten. Mundua itzali.
Eta gero Xabin urduri bizi dela.
Biziko ez naiz ba urduri? ■

