Artzainaren kontuak
Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Artzain gezurtiaren alegia ere jaso du Wikipediak. Dio, Euskal Herrian, ipuineko artzainak Inaxio edo Pello izena hartu ohi duela. Telefonoko kontaktuetan, bi Inaxio ditut, sei Pello eta bi Peio. Idatzizko mezuak errepasatuta, Inaxioekin elkarrizketa dezente ditut, sei Pelloetatik laurekin ez dut mezu trukerik batere, eta bi Peioetatik bakarrak idatzi dit inoiz. Jasotako mezuetan ez dut gezurrik sumatzen, eta, nik dakidala, bakarrak du artzaintzarekin lotura zuzen antzekoa, umea zela, ardiak zituztelako baserrian.
Bi Inaxioek, sei Pelloek eta bi Peioek igandeko hauteskundeetan boza emateko aukera dute, hamarrak direlako gipuzkoarrak, sei goierritarrak, eta naziotasun espainiarraren jabeak, edo, zehazxeago esanda, nazio espainiarraren jabetzakoak. Ziur samar dakit lauk EH Bilduri emango diotela boza eta bik EAJri. Gainerako laurena ez dakit. Goierritarrei, dagokienez, hiruk EH Bilduri, bik EAJri eta seigarrenarena ez dakit.
Astelehena izan omen zen hauteskunde-inkestak argitaratzeko azken eguna. Baliteke legez kanpo aritzea, baina nire zundaketen arabera, goiko zenbakiak ehunekoetara ekarrita, hauek lirateke emaitzak: Gipuzkoan EH Bilduk %40, EAJk %20 eta gainerakoek gehi abstentzioak %40. Goierrin, %50ek EH Bildu, %34k EAJ eta %16k abstentzioa gehi gainerakoa. Lagin kaxkarra irudituko zaio zenbaiti. Izan ere, nire telefonoak beste datu bat ere erakusten digu, ideologiaren eta geografiaren larreetan, eremu motxa leukaketela nire ardiek.
Artzainari gezurra bitan sinetsi zioten, ondorengo egia ez, eta otsoak triskantza egin zuen. Ez dakit, Gipuzkoako hautagaien artean, arbaso hurbiletan, artzainik ba ote duen inork. Behizain bat bada, baina otsoa ez omen da horren behera jaisten. Halere, igandean jakingo dugu badatorren ala ez. ■

