«Dakidana partekatzea eta ingurukoei erakusteko zaletasuna izan dut beti»
Ana Rosa Agirre Garmendia Lau hamarkada aritu da Legorretako udaletxean administrazio-lanetan, eta herriari estuki loturiko jarduna izan du: «Lan zoragarria izan da; behin ere ez dut nagikeriarik izan». Herrian lan egiteak eta herria ondo ezagutzeak lan-jardunari «beste bizitasun bat» eman diola nabarmendu du.
Guraso Elkarteko partaide ere izan da urte askoan, eta udalarekin elkarlanean hamaika jarduera antolatu izan dituztela nabarmendu du, gaurdaino mantendu direnak. Dantza taldean ere urtetan aritu da buru-belarri. Jostuna zen haren ama, eta bien artean 65 dantza-jantzi egin zituzten, herriko taldearen presentzia indartuta. Orain bi urte jubilatu zen, baina oraindik ere boluntario-lanetan dihardu. Udalaren ekimenez martxan jarritako joskintza-tailerrak eskaintzen ditu, esate baterako, Ana Belen Marcosekin batera. «Dakidana partekatzea eta ingurukoei erakusteko zaletasuna izan dut beti», azpimarratu du. Hamabi laguneko bi talde dituzte, eta astero elkartzen dira.
Zein zaletasun dituzu?
Zaletasuna baino gehiago, etxea gehiegi gustatzen zaidala.
Pelikula edo telesail bat.
Kosta egiten zait pelikulak ulertzea, baina azkena ikusi dudana, La bola negra.
Liburu bat.
Mikel Santiagoren La chica del lago eta Ibon Martinen La danza de los tulipanes. Udan irakurtzen dut, baina kosta egiten zait euskaraz irakurtzea.
Musika talde edo abeslari bat.
Zea Mays.
Abesti bat.
Asko gustatzen zaizkit Ura bere bidean bezalako ekimenak.
Oporretarako leku bat.
Galizia edo Girona.
Kolore bat.
Granatea.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe txiki bat.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Jubilazio eguna. Nekez ahaztuko dut orduan jasotako maitasuna.
Amets bat.
Dena daukat, baina zerbait esatekotan, osasuntsu jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat
Goiztiarra naizenez, eguna argitzen ikustea.
Goierriko txoko bat?
Zegama.
Legorretan biziko ez bazina…
Zarautzen. Itsasoak lasaitasuna ematen dit. ■

