Fugaziren filosofiaz
Aitor Carrasco • Musikaria
Duela aste batzuk eztabaida piztu zen X sarean: Fugazi ezagutzea rockaren kultura minimo bat izatea da, ala talde ezezagun bat besterik ez da? Galdera horrek agerian utzi zuen eztabaida ez dela soilik musikala, belaunaldien artekoa eta kulturala baizik.
Fugazi aipatzean, ez gara soilik musika talde batez ari, itzuliko ez den garai bateko balioez baizik. 90eko hamarkadako bizitza analogiko hartan, algoritmorik eta streamingik gabe, musika ahoz aho eta areto txikietan zabaltzen zen. Fugazik industriari uko egin zion: bost dolarreko sarrerak, merchandisingik ez, DIY (‘zuk zeuk egin’) filosofiaren ikur gorenak izan ziren.
Gaur egungo musikaren kontsumo azkar eta merkantilizatuan, Fugaziren etikak beste planeta batekoa dirudi. Horregatik, sareetako eztabaida horren atzean nostalgia sakon bat dago: merkatuaren legeetatik kanpo sortzeko eta bizitzeko gaitasun haren oroimina.
Azken finean, gaur egun dena hain egituratuta dagoen honetan, plan guztiak hilabetetako aurrerapenarekin lotuta eta dena kontrolpean eduki behar dugun garaiotan, galdu egin dugu 90eko hamarkadak zuen esentzia hura. Agian, hauteskundeen atariko hausnarketa-egun honetan, dena hain kalkulatuta eta gidoi baten barruan dagoen momentu honetan, ez legoke gaizki Fugaziren filosofiaz pixka bat oroitzea: arrakasta eta bizitza bera ez zirela agendetan eta kliketan neurtzen, printzipioei eustean eta momentua bizitzean baizik. Eta horrek, gaur egun benetako iraultza dirudi. ■

