«Hamaika urte nituenean ohartu nintzen neska bat gustuko nuela. Izugarrizko booma izan zen niretzat, homosexualitatea zer zen ere juxtu-juxtu nekien, eskerrak Operacion triunforen jarraitzaile sutsua nintzen. Gogoan dut nire homosexualitatea deskubritzerako Jesus Vazquez (Operacion triunfo-ko aurkezle zen orduan) miresten nuela, banekien gay-a zela eta beti normaltzat hartu nuen hori. Neska bat gustuko nuela deskubritzean bera bihurtu zen nire erreferente bakarrean, gutxienez banuen norbaiten (miretsia zen gainera) berri. Zorionez urtebete lehenago matrimonio homosexuala onartu zen Espainian eta nire buruari esan nion: «Bueno Gemma, sentitzen duzuna behintzat legala da». Atera kontuak nolako egoera zen hura niretzat!
Gogorra izan zen, hasieran nire buruari esaten nion neska bat gustatzen zitzaidala soilik, hau da, neska hura eta mutilak nituela gustuko. Urte eta erdi geroago ikusi nuen neska gehiagok erakartzen nindutela eta ez aldiz mutilek. Orduan garbi ikusi nuen ez zitzaidala neska hura soilik gustatzen, neskak gustatzen zitzaizkidan.
Onartzeko ez nuen arazo handiegirik izan, nire baitan normala zen zerbait gisan hartzen nuen, baina banekien gizarteak ez zuela hala hartzen, eta hasiera hartan betiko isilean gorde beharko nuela pentsatu nuen, inori ezer ere esan gabe. Beldur izugarria nuen jendeari esateko neskak gustatzen zitzaizkidala, ez nekien gizarteak nola erreakzionatuko zuen.
Denbora aurrera igaro ahala bakarra ez nintzela ikusi nuen eta 16 urterekin kontatu nion lehen aldiz lagun bati, bera ni baino dezente zaharragoa zen eta bere sexu bereko pertsona batekin ari zen ateratzen, ondorioz banekien ondo hartuko zuela, liberatua sentitu nintzen, karga bat kendu banu bezala. Hortik gutxira nire lagun min bati kontatu beharra sentitu nuen eta orduan bai, urteetako zama zeraman motxila arindu zen, lasai hartu nuen arnas.
Apurka- apurka maite nituen pertsonei kontatzen joan nintzen eta bigarren batxilergoa amaitzerako ezkutatzeari utzi nion. Gurasoei ere 18 urterekin kontatu nien eta bikain hartu zuten. Ez nuen kanpotik jakin zezaten nahi eta ezkutatzen ez nuenez, erraza zen inork zerbait komentatzea, beraz nik neuk esatea erabaki nuen, ez esan beharra sentitu nuelako kanpotik entera zitezen nahi ez nuelako baizik.
Orain garbi daukat ahal dudan guztia egingo dudala LGTBI+ kolektiboaren alde, nire egoera berean dagoen jendeak nik igaro nuen beldur hori igaro ez dezan.