Ikara, urduritasuna, amorrua, tristura, inpotentzia… Sentimendu hauek agertu zaizkit beste behin ere gutun hau idazteko gonbidapena jaso dudanean. Uste nuen iraganeko sentipenak zirela baina errealitatea berriz ere gailendu zait.
Gaur egun, 32 urterekin, bidearen zati garrantzitsuena egina dudala uste dut, baina ezin ahaztu orain arte bizitakoak. 30 urterekin hasi nintzen nire barruko korapiloak askatzen, nire ingurukoei sentitzen nuena adierazten, nor nintzen eta zer nuen gustuko aldarrikatzen. Bitartean ene buruak buruhauste ugari jasan ditu, hasieran ez nuen onartzen, nire buruari errealitatea ukatzen saiatzen nintzen. Gerora, berriz, atsegin nuena egiteko ezkutatu egiten nintzen, gizarteak izutu egiten ninduelako.
Nire burua ahalik eta gehien entretenituta edukitzen saiatzen nintzen 30 urte bete nituen arte, baina ez nuen lortzen burutik kentzea. Nire zoriontasunak muga garrantzitsu bat zeukan eta argi nuen egoera horren ardura nagusia gizarte hetero-patriarkatuarena zela. Bizi konplikatu bat irudikatzen nuen barrenean, oztopoz betea eta horrek korapilatu nau urte askotan zehar. Gauza asko entzuten dituzu zure inguruan batere laguntzen ez dutenak, komunikabideetan ematen duten profila ez zaizu gustatzen, orokorrean bitxo arraro bat sentiarazten zaituzte, ez dituzu hetero arauak betetzen. Arau horietan sartzen bazara ez duzu esplikaziorik eman behar, normala zara eta hortik ateratzen bazara etiketa bat eraman behar duzula dirudi.
Iritsi zen Aski da! esateko garaia, nire zoriontasuna beste ezeren gainetik jartzeko unea. Nire ingurukoek asko babestu naute, benetan maitatua sentitu naiz bi urte hauetan zehar eta esan behar dut bidea uste baino errazagoa egiten ari zaidala.
Gutun hau idazteko Goierriko Zubiak egin zidan gonbidapenarekin nire barneko borrokak agertu dira berriz, oraindik nire bizitzako arloren batekin ez dudalako gaia tratatu. Arlo hori lana da eta zaila egiten da. Ez naiz kopetan zer dudan gustuko jarrita ibiltzearen aldekoa, denok dugu zoriontsu bizitzeko eskubidea inori esplikaziorik eman gabe.
Gaur nire zoriontasunerako beste pauso bat ematen ari naizela uste dut, nire testigantza publiko eginez. Gizarte askeago bat eraikitzen jarraitu beharrean gaude, jende librez osatua. Poz ederra eraman nuen Goierriko Zubia taldea sortzen zela jakin nuenean, behar zuen Goierri bezalako eskualde batek.
Lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke Goierrin egoera latz hau pasatzen ari diren denei animoak emateko, beti ikusten da argi izpiren bat tunel ilunean. Amaitzeko, eskerrak eman Goierriko Zubia taldeari gonbidapenagatik eta baita nire aldamenean babesa eta maitasuna adierazi didazuen guztiei ere.