Txindoki, Larrunarri edo Ñañarri da Goierriko eta Aralarko mendirik ezagun eta maiteenetako bat. ETBko Gailurra telebista saiokoek bertara egindako igoera batekin estreinatu zuten programa, 2016ko irailean. Andoni Aizpuru aurkezle gabiriarra eta Irati Anda eskalatzailea, Goierriko eta Tolosaldeko 30 bat laguneko taldearekin joan ziren, Larraiztik gailurreraino. Bidean, hainbat gonbidatu berezi ere izan zituzten. Joxe Ramon Agirre Marron mendizale ataundarrak, esaterako, parapentean jauzi ikusgarria egin zuen, aireko irudi ederrak hartuz.