Dagoeneko urte bete igaro da Goierriko Zubia LGTBI+ taldea sortu zenetik; Ordizian egin zuten aurkezpena 2016ko apirilaren 30ean eta ekainaren 28an,?Harrotasun egunean egin zuen lehenengo ekitaldi publikoa. Goierrin lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen arloan hutsune bat zegoela ikusita sortu zuten taldea Goierriko hainbat gaztek.
Sexu eta genero aniztasuna oinarri hartuta, «Goierriko biztanleriaren kontzientziak mugitu» nahi izan dute Goierriko Zubia taldeko kideek. Horretarako, genero eta sexu heziketa bultzatu nahi izan dute, helduen zein haurren artean, goierritarrak heziz eta sentsibilizatuz, eta errespetuan eta enpatian oinarrituta, elkarbizitza hobe baten alde egiteko.
Horrekin batera, sexu eta genero aniztasunaren inguruko informazioa ematea ere bada taldearen helburua; horretarako ekitaldi desberdinak egin dituzte urte bete honetan.
Hirugarren helburu bat betetzeko ere jaio zen Goierriko Zubia, kolektiboa ikustaraztea eta «egoera horretan daudenei babesa ematea». Hori dela eta,?Goierriko Zubia taldeak ateak zabalik dituela gogoratu du. Harremanetan jartzeko goierrikozubia@gmail.com posta elektronikoa dute.
Aniztasuna normalizatu
Hori bai, sexu eta genero aniztasuna berdintasunaren bidetik landu nahi dute, datozen belaunaldiek berdintasuna barneratuago izan dezaten sexuarekiko, orientazio sexualarekiko eta genero identitatearekiko. Gainera, heziketa eta berdintasuna denon ardura direla uste dute. Izan ere, Goierriko Zubiak «LGTBI+ pertsonek normaltasunez bizitzeko eskubidea» defendatzen du, «aniztasuna normalizatu nahi dugulako».
Hiru testigantza
Heziketa eta sentsibilizazio hori helburutzat hartuta, eta Ekainaren 28ko Sexu eta Genero Askatasunaren Nazioarteko Egunaren harirt, aurten ere, Goiberri aldizkariak Goierriko hainbat pertsonen bizipenak, testigantzak, esperientziak eta kezkak jaso ditu ondorengo orrialdeetan: Nola bizi izan duten beraien azalean «ezberdin» sentitzea; nola daramaten beraien ezjakintasuna eta zalantzak isilpean gordetzea; «armairutik» ateratzea edota ez ateratzearen inguruko prozesua…. Ale honetan, hiru testigantza jaso dira. Aitzol Garmendiak honakoa dio: «Gaur nire zoriontasunerako beste pauso bat ematen ari naizela uste dut, nire testigantza publiko eginez». Goierriko beste bi lagunek –izena ezkutuan gordetzea nahi izan dute – harreman askearen inguruan bi ikuspegi eman dituzte. «Gaur egun egia esan ez daukat oso argi zein den nire orientazio sexuala, genitalen arabera ez baitatoz nire gustuak».
Goierriko Zubiaren esanetan,?Goiberri-ko iazko kontakizunek, «izugarrizko eragina izan zuen Goierrin, 2016ko albisterik irakurrienak izan zirelako».
Ekintza ugari
Dena den, sexu eta genero aldarrikatzeko, ekintza gehiago ere egin ditu Goierriko Zubia taldeak urtebete honetan: «Gutxinaka, gure ardatza aurkitzen joan izan gara eta urte honetan guztian ekintza ezberdinak egin ditugu», diote Goierriko Zubia taldeko kideek.
Lehenik eta behin, 2016ko Ekainaren 28an, Harrotasun egunean, prentsaurrekoa emateaz gain, «bertso poteoa izan genuen; arrakasta handiaz bizi izan genuen. Jende askok hartu zuen parte eta bertso poteoa berezia izan zen, LGTBI+ kolektiboaren inguruko bertsoak abestu baitziren, gaiak publikoak jartzen zituelarik».
Urrian, Zaldibiako festetan, Goierriko Zubia taldeko kideak kuadrillla egunean joan ziren, eta bertako poteoa aprobetxatuz, talde txikietan banatu eta pertsona eta kuadrilla ezberdinengana gerturatuz, galdera batzuk egin zizkieten, «gure taldea ezagutarazteko eta jendearentzako horrelako talde bat egotea beharrezkoa den ikusteko asmoz». Taldearentzat «oso interesgarria izan zen, nahiz eta iritzi ezberdinak jaso gehiengoak izugarrizko lana egiten ari ginela esan baitzuen. Gainera, zenbaitek beraien bizipenak kontatu zizkiguten».
Gabonetan taldeko lau kide elkartu ziren Beasainen «ahalik eta pertsona gehienei aurpegian harrotasun bandera margotzeko helburuarekin. Hasiera batean, gutxi batzuk izan ziren aurpegia margotzen utzi zietenak, baina eguna igaroz joan ahala, eta tragoak soinean eramanda, pertsona askori margotu genizkien».
Trans Zikloa lehen aldiz
Gabonetatik apirilera arte, taldea bildu eta aurrera begira ekintza «indartsuagoak» egitea erabaki zuten. Horretarako, Beasaingo Udalarekin harremanetan jarri eta Beasaingo lehenengo Trans Zikloa antolatu zuten. «Ikastetxeetan adin ezberdinetako umeekin zein nerabeekin lan egiteaz gain, publikoari begira, Aingeru Mayorren eta Ekaitz Goikoetxearen, Mikele Granderen eta Olaia Baigoirriren Mahaitasunez ekitaldiak izan genituen Igartza aretoan. Hauek oso aberatsak izan ziren guretzako, jende asko etortzeaz gain oso hunkigarri eta aberasgarriak izan zirelako». Ekainaren 30ean egingo dute Trans Zikloaren amaierako ekitaldia Beasainen, Ekainaren 28ko Harrotasuna egunarekin lotuz. «Adin guztietara zabaldua izango da. Bertan, ipuin kontalaria, batukada, afaria eta kontzertua izango ditugu».
Bestetik, Beasaingo festetako bi egunetan, taldea ezagutzera emateko helburuarekin, eta aldi berean, «kolektibo honen inguruko informazioa bermatzeko», informazio karpa bat jarri zuten.
Azkenik, ekainaren 9an, Lazkaon, Gemma Urteaga taldeko kideak Binarismotik harago hitzaldia egin zuen: «Nahiz eta oso jende gutxi joan, konfidantzazko giro bat sortzea lortu genuen. Hitzaldia aberatsa izan zen bakoitzak barnean zuen hori askatzeko».
Eskubide urraketei aurre
Goierriko Zubiak taldeak nabarmendu nahi izan duenez, egiten duten guztiak «sentimendu eta eskubide urraketa batzuetan» du oinarria: «Barru-barrutik borrokatzen dugu gure ideia eta balioengatik, eta hauekiko errespetua bermatzearen alde: LGTBI+ kolektiboko pertsonak normaltasunez bizitzeko eskubidea defendatzen dugu».