Udete Justo – Labores Otea (Beasain)
Herriko festak ospatzeak tokiko merkataritzan ere eragina izan ohi du. Zurean ere hala gertatzen da?
Bai, hala da! Festen aurretik beti nabari da lan kargak gora egiten duela, eta martxa oso onean egin izan dugu lan. Hortaz, festarik ez ospatzeak, ospakizun desberdinetarako erabiltzen diren jantzien salmentan beheraraka ekarri du, eta ondorioz, urteko diru sarrera oso garrantzitsu bat gabe geratu gara. Ekonomikoki kolpe handia suposatu du pandemiak.
Zer da festen aurretik gehien saltzen duzuna?
Beasaingo festetan, kuadrilla egunean, kolore bizi-biziak hartzen dituzte kaleak. Aspaldiko ohiturari jarraiki, herriko kuadrilla guztiak edo ia gehienak, blusa koloretsuak jazten dituzte egun horretan. Kuadrilla bakoitzak berea egiten du, besteengandik bereizteko. Horietako asko eta asko, guk egiten ditugu, banan-banan eta eskuz. Beraz, jaien aurretik, kuadrilla asko gerturatzen dira dendara, oihalak aukeratu eta egun handirako blusak prest izan ditzaten.
Zenbat egin izan dituzu urte batean?
Festen atarian 150 inguru egitera ere iritsi naiz.
Eta aurten?
Askoz ere gutxiago, asko nabaritu da. Apenas izan dugu blusak egiteko enkargurik. Esango nuke, kuadrilla bakarra etorri dela, beraz, pentsa! Ospakizunik egin ez bada ere, gutxi batzuk, betiko moduan jantzi dute.
Horrez gain, beste produktu batzuen salmentan nabaritu duzu festen falta?
Bai, noski! Baserritar jantziak eta beharrezko osagarri guztiak ere egiten ditugu. Mariren jaitsieraren egunean beasaindar askok jazten dute baserritar jantzia. Gainera, euskal dantzetako dantzarien arropak ere josten ditugu, baina horrek ere behera egin du. Dantza emanaldirik ezin bada antolatu, arropak berritzeko beharrik ez da egoten, beraz….
Zein ikuspegi duzu?
Ba galera ekonomikoaz harago, tristura pixkat sortzen dit festak bertan behera geratu izana. Baina tira, egoera horrela dago, eta aurrera begiratzea baino ez da geratzen. Ea Gabonetarako gauzak hobetu eta ekitaldi gehiago antolatzen diren.
Erreportaje osa irakurtzeko: https://goiberri.eus/2021/06/25/aurten-ere-jaien-txinpartarik-gabe/