
Automobilismoan emakumeek egiten duten lana aldarrikatzeko argazkian elkartu ziren Gabiria-Legazpi rally-sprintean. / Gorka Gomez
Euskal Herriko automobilismo denboraldiari hasiera eman dion Gabiria-Legazpi rally-sprintak markak hautsi ditu emakumezkoen partaidetzari dagokionez. Kirol honek azken urteetan izan duen eboluzioaren isla da hori, geroz eta emakume gehiagok praktikatzen dute.
Automobilismoaren munduan dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna emateko helburuarekin sortu da talde bat, oraindik ofizialtasunik ez duena, baina dagoeneko lanean hasia dena. Emakumeak Automobilismoan du izena. Automobilismoari berari aitortza egitetik hasita, kirol horretan diharduten emakumeak aldarrikatu nahi dituzte.
Ez dira gutxi, baina nabarmendu egin nahi dute kopuru hori, eta emakumeek egiten duten lana jakitera eman. Urratsetako bat, Euskal Herriko eta inguruko federazioen eta eskuderien babesarekin, emakumeek kirol honetan egindako ibilbidea aztertzea izango da, eta probaz probako datuak jakitera ematea. Azken finean, mundu honetan jarduteko ahaldundu egin nahi dituzte emakumeak, automobilismoa edonork praktikatu dezakeen kirola dela agerian dagoelako, izan emakume edo izan gizon. Sare sozialak eta komunikabideak ezinbesteko bidelagun izango dituzte helburu horren lorpenerako.
Emakumeak Automobilismoan taldeak martxoaren 5eko Gabiria-Legazpi rally-sprintarekin egin zuen lehen agerraldi publikoa, aurten 25 urte bete dituen proba horren inguruko hainbat datu elkarbanatuz eta emakumezko partaideen taldeko argazki bat ateraz.
Emakumeak Automobilismoan taldeak mundu honetan jarduteko ahaldundu egin nahi ditu emakumeak
Kirolaren beste aldean ere, zaletuen artean, geroz eta nabarmenagoa da emakumezkoen presentzia
Lehen edizioetatik izan du emakumezkoen partaidetza rally-sprint honek: 1999. urtean Antzine Arroyo pilotuak parte hartu zuen Peugeot 205 batekin, eta edizio berean Nerea Aizpuru eta Aintzane Goñi atera ziren kopilotu lanetan. Aurtengo probak partaidetza marka hautsi du 82 talderekin, eta aldi berean inoiz baino emakumezko gehiagok ere parte hartu du: pilotu batek eta 25 kopilotuk. Gehienak taldeko argazki horretan elkartu ziren igandean lasterketaren aurretik, mekanikariekin, egiaztatzaile teknikoekin eta eskuderietako kideekin batera. Martxoaren 8a gertu zegoela eta, kirol honetan geroz eta ugariagoak diren emakumeek egiten duten lana aldarrikatzea zen helburua. Euskal Automobilismo Federazioak bilduta ditu federatuta dauden emakumeen kopuruak. Erkidego osoan 69 dira: 11 pilotu, 39 kopilotu eta 19 ofizial, hau da, lasterketen aurretik autoen egiaztapen teknikoak eta beste lan batzuk egiten dituztenak.
Aipatu behar da kirol honen beste aldean ere, zaletuen artean, geroz eta nabarmenagoa dela emakumezkoen presentzia.
Federazioaren datuak
Euskal Automobilismo federazioak jasota ditu kirol horretan federatuta dauden emakumeen fitxak. Kopuruak ez dira makalak.