Abisu gorria
Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Ekainaren 19an Uxue Fernandez Lasak GoiBerri-ko Itzain atalean idatzitakoa oso gustura irakurri nuen. Nahi gabe edo nahita, lanean jarri ninduen. Gorri kolorea udan eta udaz haratago non topa dezakegun.
Festetako zapi askoren kolorea, Nafarroako bandera, Osasunako kamiseta, borroka sozialean eroritako langileen odol kolorea (komunistak), karlisten txapel gorria, Ertzaintzaren txapel gorria, irakasleok azterketak zuzentzeko erabiltzen dugun kolorea, Martitz planetaren kolorea, laba eta magma, udazkeneko hostoen kolorea, ilunabarrak, mineralak; rubidio, jaspe eta bostarioa, amona mantangorria, angurriaren kolore gorri urtsua, geranioak, larrosak, haragia, zinemaldietan erabiltzen diren alfonbren kolorea, futbol partiduetako txartel larrienaren kolorea, Londreseko telefono kabinak…
Hala ere, kolore gorririk aipagarriena batik bat lau urtean behin herriko kaleetan eta plazetan topatu dezakeguna da. Lau urtero gehitzen ari dena. Kolore bera duen trafikoko seinale handi batekin ‘stop’ egin nahiko nuke. Geldi! Munduko futbol txapelketa lau urtetik behin ospatzen da. Euskaldunok ez dugu selekzio propiorik, ez dugu kamiseta ofizialik. Eta euskaldunon bihotzak badoaz kolore gorriarekin, batik bat gure gazteak. Espainiako selekzioaren kamisetak nonahi ikusten ditugu. Areagotzen ari dira. Egoera larrian gaude euskaldunok eta abisu gorria ezarriko nuke.
Izugarrizko kaltea eragiten dio gure nortasunari eta izaerari Munduko Txapelketa bat ospatzeak eta euskal selekzioak bertan ez parte hartzeak (bereziki futbolekoa denean). Munduko futbol txapelketa izugarrizko erakusleihoa da eta bertan parte hartzeak munduko mapan kokatzea dakar. Pilotako federazioak lortu duena txalotzekoa da, baina ez da aski, ez da nahikoa. Jarraitu behar da. Zoritxarrez, futbolak gizartean boterea du. Horregatik, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna (batik bat futbolekoarena) ahalik eta azkarren lortu behar dugu gure herri nortasuna galtzen joan ez dadin poliki-poliki. Jagoba Arrasate txapela kentzeko lana egiten ari da, eta gustatuko litzaidake norbanako ezagun gehiago biltzea. Bertan daudenen inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira helburua lortzeko.
Munduko futbol txapelketaren aurka ezin gara joan, alferrikako lana eta energi galera da. Aldiz, lehiaketa ospatzen den bitartean kanpaina egin daiteke, eta kanpaina egiteko modu desberdinak daude. Hona aukera bat. Zergatik ez dituzte erakunde publikoetatik Euskal Selekzioaren milaka kamiseta oparitzen herritarren artean? Ausardiak uxatzen du zorte txarra. ■
