Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da Ekainaren 28a; lesbiana, gay, transexual, bisexual, transexual… kolektiboaren eguna. Ostadar koloreak astinduz, askatasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute.
Mundu zabalean, 1969an New Yorkeko (AEB) Stonewall tabernan gertatu ziren istiluak gogoratzen dira Ekainaren 28an, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. LGTBI+ kolektiboak (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual…) mundu osoan pairatzen duen jazarpena gogoratzeko eguna da. 1969an Stonewall tabernan, sexu langileek, transexualek, trabestiek eta homosexualek poliziari aurre egin zioten, eta hainbat egun iraun zuen matxinadak.
47 urte beranduago, pasa den ekainaren 12an, AEBetako Orlandoko Pulse dantzalekuan hildako 50 pertsonak ere gogoan izango dituzte aurten.
Goierrin ekainaren 29an
Goierrin ere aireratuko dituzte ostadar koloreak LGTBI+ kolektiboaren sexu askatasunaren aldeko egunaren harira. Eskualdean sortu berria da LGTBI+ kolektiboari elkartasuna adierazteko Goierriko Zubia taldeak, ekainaren 29an, Ordiziako Barrena kanpoko plazan prentsaurreko koloretsua egingo du 19:00etan. Ondoren bertso triki poteo animatua egingo dute, askatasunez bizitzeko aldarrikapena eginez eta sexu-genero aniztasuna eta askatasuna oihukatuz.
Izan ere, aldarrikapen horretan laguntzeko sortu da Goierriko Zubia. Eskualdean, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen arloan hutsune bat zegoelako, eta kolektibo horren mugimenduan Goierrin ere aurrerapausoak emateko.
Hiru helburu nagusi ditu taldeak: belaunaldi gazteak eta gizartea heztea, informazioa zabaltzea eta babesa ematea.
Heziketari dagokienean, haurren eta gazteen heziketaz gain, gizartea heztea dute helburu. Besteak beste, norberaren esperientzia kontatuz, egoera berdinean egon daitezkeen goierritarrei lagundu nahi diete. Lau orrialdeotan ageri diren Ander Matxain gaintzarraren, Iban Lage ormaiztegiarraren, eta Gemma Urteaga eta Maddi Imaz beasaindarrak testigantzak horren adibide dira. Urteagak dioen bezala, «nire egoera berean dagoen jendeak nik igaro nuen beldur hori igaro ez dezan».
Informazioa eta babesa ere eman nahi ditu Goierriko Zubiak. Iban Lagek dioen bezala, «mundu honetako pertsonek sexualitateekiko beldurrak eta fobiak ezabatu artean Goierriko Zubia bezalako elkartasun taldeen beharra dago».
Lau testigantza
Ander Matxain: «18 urte izan arte ezin hitz egin izateak zama handiegia izan zuela pentsatzen dut gaur, baina motxila hori kendu nuen arte ez nintzen konturatzen»
Klikatu argazkian testigantza irakurtzeko
Gemma Urteaga: «Onartzeko ez nuen arazo handiegirik izan, nire baitan normala zen zerbait gisan hartzen nuen, baina banekien gizarteak ez zuela hala hartzen»
Klikatu argazkian testigantza irakurtzeko
Iban Lage: «Inguruan izan ditudan pertsonei esker, beraien etika, heziketa edo ez dakit ziur zer, beren pertsonalitateek ni askeago izatea ahalbidetu dute»
Klikatu argazkian testigantza irakurtzeko
Maddi Imaz: «Nerabezaroan ‘nesken jantziak’ janzten hasi zen, makillajea erabiltzen… eta honek izugarrizko trabak jarri zizkion bere egunerokotasunean»