Aratz Igartzabal Bidegain
Hizkuntza txiki denen gainetik
egoten dira handiak.
Beti menpean egonda nekez
emango dio argiak.
Zenbateraino indar egingo
dio ba Euskaraldiak?
Indar gehiago duen garaian
kontrako larrialdiak.
Indar handirik ez det somatzen
euskaradunon ganoran…
Zer pasatzen da eskola, parke
edo poteo denboran…
Erdaldunberri asko erderaz
nonbait egon nahian modan:
sarri zalantzan nago non gauden,
Goierrin ala Zamoran.
Herri xeheak kulpa guztia
duenik ez det esango!
Finantziazio arloan ere
jende epela baitago.
Euskara denon eskura behar da:
buru, bihotz eta aho…
Ardura denok daukagu, baina
batzuek pixkat gehiago.
Ezkorraldiak harrapatzen nau
ta hori behar det eten.
Pentsatu behar da hauspotu dadin
zer egin ote daiteken.
Entzun, hitz egin, prest eta bizi..
antzemango da noizbaiten…
Txapa jantzita segi zazue
euskeraz txapa ematen.